Jabi Asurmendik, Udalbiltzako Lehendakariak hitzarmena sinatu du Beñardo Kortabarria, Gorka Artola eta Iraitz Lazkano, Antzuola, Bergara eta Elgetako alkateekin. Antzuolako Josune Martinez, Bergarako Kristina Markina eta Elgetako Ane Bilbao hiru herrietako kultura zinegotziekin batera Bergarako udaletxean egindako agerraldian eman dute ekimenaren berri.

Udalbiltzako Lehendakariak azaldu ditu ekimenaren jatorria eta helburuak: “COVID-19aren krisiaren kudeaketak argi utzi du kulturaren lekua bigarren plano batean dagoela instituzio batzuentzat; gizartearen borondate eta desirak, aldiz, lehen planora ekarri du ezinbestean, eta behar horri erantzun bat eman behar zitzaiola ikusi zuen Udalbiltzak. Erantzun hori herri bezala egin behar zela ikusi zuen hasieratik elkarrekin, elkarlanean, Euskal Herriko sortzaileak eta herriak saretuz eta bat eginez”.

Argi dugu Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dutela egin. Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara. Eta azken urteotan, globalizazioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako. Egoera horri erantzuteko asmoz sortu da Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala.

Euskal Herriko 26 artistek parte hartuko dute ekimenean: idazle, zinegile eta antzerki konpainiak. Euren sorterritik at hiru astera bitarteko egonaldia eginez, obra bat sortzea izango da: 16 ipuin, 5 film labur eta 5 antzezlan. Obra guztiek egonaldia egin duten herri horren errealitatea islatuko dute modu batera edo bestera; beti ere, artisten sormen gaitasuna eta proposamen artistikoak errespetatuz.

Bergarak, Antzuolak eta Elgetak elkarlanean gauzatuko dute ekimena Bergarako kultura zinegotzi Kristina Markinak azaldu duenez. Oier Zuñigak hiru asteko egonaldia egingo du gure herrietan. Dantza eta antzerkia fusionatzen duen 'Lurra arin bekizu, ama' ikuskizuna sortuko du egonaldi horretan, dolua gaitzat hartuta. Iruñeko margolari eta eskarmentuko aktore gaztea da Zuñiga.

Antzuolako, Elgetako eta Bergarako herritarrek, proiektuak emango dituen emaitzetako batzuk herrian bertan ikusteko aukera izango dute.

Hitzarmenak jasotzen duenez, Bergaran 5 antzerki emanaldi, eleberri laburrez osatutako liburu osoaren eta film laburrez osatutako film osoaren aurkezpen publikoa egingo dira. Azken bi hauetan, antzezlan bakoitzean lan egindako kulturgileren batek parte hartuko du.

Antzuolan berriz, hiru antzerki emanaldi egingo dira, haietariko bat herri hauetan ekoiztutakoa. Film laburrez osatutako film osoaren aurkezpen publikoa ere egingo da kulturgileren baten parte hartzearekin.

Elgetan, berriz, hiru antzerki emanaldi egingo dira, haietariko bat herri hauetan ekoiztutakoa. Eta eleberri laburrez osatutako aurkezpen publikoa ere egingo da kulturgileren baten parte hartzearekin.

Artistek urtarrilerako amaitu behar dituzte lanak, otsailean ikusgai egon daitezen.

2021 eta 2022 urtetan hiru udalek egingo duten diru ekarpena ere zehaztu dute. Hurrenez hurren, eta 2021ean, Bergarak, Antzuolak eta Elgetak diru ekarpen hau egingo dute: 16.353, 4.214 eta 3.625 euro. 2022an, berriz, Bergarako Udalak 19.933, Antzuolak 4.851 eta Elgetak 4.419.