Uda garaia iristear da eta Agorrosingo Ekintza Guneko proposamena prestatu da dagoeneko. Ekainaren 11n, ostiralean, zabalduko da kanpoko igerilekua. Haurrendako kirol kanpusa, haur, gaztetxo eta helduendako ikastaroak eskainiko dira. 

Aitor Aranzabal Kirol zinegotziaren esanetan, “iaz hala izango zenik pentsatzen ez bagenuen ere, aurtengo uda ere COVID-19ak eragindako osasun pandemiara egokitutakoa izango da. Hala ere, uste dugu une honetan bereziki dela garrantzitsua herritarrei aisialdirako espazioak eskaintzea eta Bergarako Udalaren asmoa da hori bermatzea, izan kultura arloan, Laboratoriumen, udalekuetan edota kirol eremuan”. 

Iñaki Ugarteburu Kiroletako zerbitzuburuak azaldu du eskaintza. Alde batetik, kirol kanpusa eskainiko zaie 2009 eta 2012 urte bitartean jaiotako bergarako umeei. Ekainaren 21etik uztailaren 16ra bitartean, astelehenetik ostiralera, egunero, 3 orduz, goizeko 10:00etatik 13:00etara, jarduera fisikoko eta kirol ekintzak egingo dituzte.

Plazak gehitu behar izan ditu Udalak egon den eskaera handiagatik. “Kirol Zerbitzuak 106 ikaslerentzat plazak sortu zituen, baina kanpusak arrakasta handia izan du eta 240 umek parte hartuko dute. 162 mutil eta 78 neska. Udalak esfortzu handia eginez, baina pandemia egoeran umeek ekintza gutxi izan dutela kontuan izanik, izena eman duten guztiak onartu ditu. 14 talde eta 15 monitore izango ira”, Ugarteburuk azaldu duenez.

COVID-19a dela eta, erabaki da ikastetxeetan zituzten talde burbuilak ahal den heinean mantentzea, hori dela eta, umeak euren gelakideekin batera egongo dira. 

Ume eta gaztetxoen Agorrosingo uda kirol kanpainari dagokionez: 

2010 eta 2016 urte bitartean jaiotakoentzat igeriketa ikastaroak eskaini dira, dagoeneko plaza gutxi batzuk baino ez daude libre. 

Ikastaro trinkoak dira, bi astetakoak, bi txandatan egingo direnak: 1. txanda ekainaren 21etik uztailaren 2ra eta 2. txanda uztailaren5etik 16ra. Ikastaroa astelehenetik ostiralera da eta 45 minutuko iraupena izango dute klaseek.

Eskaintzaren inguruko informazioa eta izena emateko Agorrosingo harreran eska daiteke informazioa edota www.bergarakirola.eus webgunean alta emanez. 

COVID-19ari dagokionez, gurasoei emailez mezua bidaliko zaie arautegia azaltzeko. Laburbilduz, guraso edo laguntzaile bakarra sartuko da aldagelan, umeari laguntzeko eta ezin izango dute dutxa erabili; hori dela eta, igerilekuan dagoen dutxa erabiliko dute kloroa kentzeko. Aldageletan, beti maskara jarrita izan beharko dute.

Gaztetxoendako ikastaroak: hainbat ekintza eskaini dira, baina aurrera aterako direnak honakoak dira: Multitraining eta padeleko ikastaro guztiak, areto txirrindua oraindik ez da guztiz osatu, ikastaroa astelehen eta asteazkenetan izango da 11:30etik 12:30era, ekainaren 21etik uztailaren 14ra.

Helduen ikastaroei dagokienez, izena eman daiteke igandera arte. Eskaintzaren barruan yoga, Pilathes, gimnasia senior, Body Balance, Aquagym eta Areto Txirrindako ikastaroak eskaini dira. Izena emateko Agorrosingo harrerara etorri edo bergarakirola webgunean eman daiteke.

Ostiralean, ekainaren 11n zabalduko da kanpoko igerilekua. Ur-txorrotak ere zabalduko dira aurten.

Osasun egoera eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako eta indarrean dauden arautegiak kontuan izanik, aurtengo udan ere kanpoko igerilekura sartzeko aurrez txanda eskatu beharko da. Abonatuek 2 egun lehenago egin ahal izango dute erreserba eta ez-abonatuek egun bat lehenago. Txanda hartzeko hainbat era daude, Agorrosinen bertan, webgunearen bitartez edo telefonoz.

Berdegunea, aurreko urtean bezala, eremuka zatituta egongo da eta maskara bakarrik kendu ahal izango da uretan gaudenean edo eguzkia hartzen ari garenean. 

Bi txanda izango ditugu egunero, goizekoa: 10:00etatik 14:30era eta, arratsaldekoa, 15:00etatik 20:30era. Itxita dagoen ordu erdian, instalazioaren desinfekzioa egingo da . 

Igerilekuan sartzeko ilarak saihesteko, aurreko urtean bezala, fitxen sistema erabiliko da. Horretaz gain, aldagelak ez dira erabilgarri izango kutsadura saihesteko.

Arloa: