Herritarren segurtasuna bermatzeko lanak eginda, bihar, ekainak 24, eguerdian zabalduko da berriz Arrizuriaga parkea. Bertako eraikineko teilatuan hainbat teila askatuta zeuden eta 2020ko martxoan haizeteak bota egin zituen. Segurtasuna bermatu bitartean itxita egon da eremua.

Teilatuaren arbelak berrikusi dira eta egoera onean ez zeudenak kendu edo aldatu egin dira. Orain, oinezkoentzako segurtasuna bermatuta zabalduko da. Hala ere, eraikinaren perimetroa 6 metroko segurtasun distantziarekin itxiko da eta putzuaren ingurua ere hesituta egongo da.

Alerta meteorologikoak (haizeteekin beti, euriagatik laranja eta gorrian, eta elur edo txingorragatik beti) daudenean lorategi osoa itxi egingo da segurtasuna bermatzeko.

Alerta meteorologikoak eman ondoren, udal teknikariek eraikinaren egoeraren ikuskapena egingo dute hartutako neurriak mantendu edo indartu behar diren egiaztatzeko. Hori egin bitartean jendearentzat itxita egongo da eremua.

Udazkenean berrikusiko dira neurriak, eta beharrezkoa bada, aldatu. Izan ere, neurri hauek behin behinekoak dira. Kontsolidazio proiektua egiten den unean, berehala hasiko dira lan horiek.