Gaur, ekainak 28, LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Horren harira, adierazpen instituzionala adostu dute udalbatzako alderdiek. Arratsaldean egingo duten osoko bilkuran berretsiko dute. 

 

LGTBI HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Ekainak 28

 

52 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartzen dituzte estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere: eskubide berberak dituen jende askearen gizartea izateko, sexu-desioaren orientazioagatik edo genero-identitateagatik bereizkeriarik gabe.

Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Informazio eta datu askoren arabera badakigu jada konfinamenduak LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri dituela; haien eskubideak bermatu beharrean, urratuak izan dira, zaurgarritasun bereziko testuinguru batean. Are gehiago, gaur egun krisi sozioekonomiko larriak ate joka dugunean, gorroto-diskurtsoak eta erasoak areagotzen ari dira, eta LGTBI pertsona askoren bizi-baldintza orokorrak prekarizatzen eta okertzen ari dira, batez ere bereziki zaurgarriak diren kolektiboenak, hala nola trans pertsonak, egoera administratibo irregularrean daudenak, arrazializatuak, etab. Bereziki kezkagarria da Trans pertsonen aurkako gorroto diskurtsoen igoera.

Pandemiak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Orain, osasun-krisitik ateratzen ari garenean, "normaltasun" desiragarrira itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira: normaltasun horrek, ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, baztertuta bizitzen jarraitzea esan nahi du, beren eskubideez gozatu gabe edo dituztenak galduta ere bai.

Krisi-une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, konpromisorik gabeko adierazpen hutsak baztertuz. Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Aitzakiarik gabe, politika eraldatzaileak eta nahiko baliabideak bermatu behar ditugu, gure udalerri eta herrialdeetako LGTBI pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko: krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz transitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko.

Urtero bezala, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak.

 

Horregatik, Udal honek konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:

1) Giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzea.  Egin diren  aurrerapausoak aitortzeaz gain, berresten dugu egun oraindik dauden barrerak gainditzeko gure erabakia.

2) Bergarako III. Berdintasun Planean LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa txertatzea.

3) III. Berdintasun Planaren indarraldian, egindako diagnostikoari erantzungo dion ekintza plana burutzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz, besteak beste, arlo hauetan: soziala, enplegua, osasuna, etab. 

4) LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak jasotzea Bergarako III. Berdintasun Planean, Udalak eskumena daukan zerbitzuetan, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak. 

5) Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin. 

6) Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako. 

7) Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko. 

8) Bergaran 2020an egindako zaintza diagnostikotik abiatuta, zaintzei buruzko lan-ildoak aktibatzea ikuspuntu feministatik eta LGTBI ikuspegitik.

9) Zeharka, LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzea.

10) Edozein motatako erasoak gaitzesten ditugu gure udalerrian; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBI pertsonen gutxiespena.

 

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten

 

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Bergara, 2021eko ekainaren 28a

Arloa: