Irailaren 20an abiatu dira 2021-22 ikasturteko jarduerak Agorrosinen. Irailaren 20an bertan helduen jardueretan 30 ikastaro jarri dira martxan, eta 26 haur txikien ur ekintzetan eta igeriketa eskolan. Une honetan azken egunetako izen emateekin ari dira bertan.

Helduen jardueretan 37 ikastaro izango dira martxan eta 29 haur txikien ur ekintzetan eta igeriketa eskolan. 517 helduk eta 325 haurrek parte hartuko dute aipatu ikastaroetan.

Areto txirrindularitza da arrakasta handien duen helduen ekintza, eta 7 talde osatu dira. Yoga da areto txirrindularitzaren ondoren arrakasta gehien duena, eta 4 talde arituko dira. Haurren igeriketan zazpi talde izango dira zapaburu mailakoak, sei talde 6-24 hilabeteko haurrenak, eta 6 talde dortoka mailakoak.

Eskaera handia da haurren igeriketan, zozketa bidez esleitzen dira lekuak, eta une honetan itxaron zerrenda kudeatzen ari dira Agorrosingo langileak, erabat bete daitezen talde guztiek eta ahalik eta jende gutxien gera dadin nahi duen jarduera egin gabe.

2021eko udaren balorazioa
Bigarren uda izan da COVID garaian, eta aurtengoan ere asko baldintzatu du Agorrosingo jarduera. Ekainaren 11n ireki ziren kanpoko igerilekuak eta irailaren 17an itxi. Epe horretan 38.225 sarrera kontabilizatu dira kanpoko igeritokira. 2020ko udan hogei mila inguru izan ziren, eta COVID aurreko garaietan laurogei milara hurbiltzen zen kopurua. Pandemiak eta eguraldiak baldintzatu dute herritarren asistentzia aurten.

Edukiera mugak direla, inoiz baino gehiagotan itxi behar izan da kanpoko igerilekura sarrera.

Abonatu kopuruari dagokionez, ekainean 3.061 ziren, 1.527 emakume eta 1.534 gizonezko. Uztailean 3.231, horietatik 1.629 emakume eta 1.602 gizonezko. Iraila 3.032 abonaturekin amaitu da, 1.556 emakume eta 1.476 gizonezko.