2021eko apirilean Bergarako II. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta III. Berdintasun Planaren diseinurako prozesua abiatu zituen Udalak. II. Berdintasun Planaren ebaluazioa egitea izan da lehen urratsa, eta udal barruko lana egin da nagusiki fase honetan, planaren garapenaren ardura tokiko administrazio publikoarena baita.

Horretarako, udaleko sail guztietako langileekin elkarrizketak egin dira, Berdintasun Sailaren gidaritzapean. Berdintasun zerbitzuko arduradunak gauzatu du koordinazio lana, aholkularitza enpresari baliabideak eskainiz. Emaitzarekin dokumentu bat idatzi, eta udal teknikari, politikari eta Berdintasun Kontseiluko kideekin batera osatzen ari da; uneon, dokumentu horri ekarpenak egiteko fasean baitago prozesua. Berdintasun Kontseiluko kideei irailaren 20an egin zen bileran aurkeztu zitzaien.

Honen guztiaren ostean, Bergarako III. Berdintasun Planaren diseinu fasean sartuko da prozesua. Datozen urteetan berdintasun arloan Bergarak izango dituen behar eta erronkak identifikatzeko, iturri ezberdinak, eta bertatik informazioa lortzeko metodologia anitzak erabiliko dira.

Batetik, dagoeneko hasi da udal teknikariekin behar eta erronken inguruko identifikazio lana . Bestetik, herriko eragile desberdinekin harremana hastear dago. Covid-ak eragindako egoera hobetzearekin, herritarrekin egingo diren saioak aurrez-aurrekoak izatea espero da. Datozen asteetan, eta beti ere otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerakoa eta egun Autonomi Erkidegoan indarrean dagoen Berdintasunerako VII. Plana oinarri hartuta, Bergarak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan dituen beharrak identifikatuko dira. Identifikazio lan honetatik abiatuta III. Berdintasun Planaren lan ildoak, helburuak eta ekintza zehatzak diseinatuko dira. Hauek guztiak izango dira III. Berdintasun Plana osatuko dutenak. Hori izango da datozen urteetarako Bergaran emakume eta gizonen arteko berdintasunerako ibilbide orria.

Arloa: