Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da urriaren 19a. Testuinguru horretan hartu dituzte udal ordezkariek Katxalin elkarteko kideak eta Royde S.Coop. enpresako ordezkariak udaletxean.

Bularreko minbiziaren aurkako lanaren irudi den xingola arrosa jarri dute udaletxeko balkoian elkarrekin. Katxalin elkarteak egindako deialdian, Royde enpresa eskertu dute, aurten babesle izango baitute, eta bi xingola egin dizkiete.

Zihortza Marzan Ongizate zinegotziak Katxalin elkarteak egiten duen lana nabarmendu du, eta esan du: “Beharrezkoa da horrelako egunak ospatzea, bularreko minbiziaren errealitatea presente egon dadin, eta gisa honetako gaitzetan prebentzioak duen garrantzia azpimarratzeko. Lan horretan nekaezinak dira Katxalineko lagunak”. Bularreko zein minbizia ginekologikoa duten emakumeak haien gaitzaren prozesuan bidelagun izaten egiten duten lanagatik zoriondu eta eskerrak eman dizkie. .

Marzanek urriaren 19aren testuinguruan antolatuko dituzten ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu bergararrak. Esaterako, urriaren 23an mahai informatiboak jarriko dituzte, 31n martxa solidarioa egingo da, eta urriaren 18tik 24ra erakusleihoak, terrazak eta balkoiak arrosaz janztera gonbidatu dituzte herritarrak.