Bergarako Udala-k Al, 2021-10-25 18:25-n bidalia
Udalak azaroan jarriko ditu martxan Bergarako herritarrentzako diruz lagundutako erosketa-bonuak. Ostalari, merkatari eta zerbitzuetako establezimenduetako langileentzat aurrez aurreko saio bat egingo du sistema nola dabilen erakusteko. Hilaren 28an, ostegunarekin, izango da, 15:00etan Seminarixoan.
Ekimen honen helburua da merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzea eta, horretarako, diruz lagundutako eta Bergarako herritarrei zuzendutako erosketa-bonuak erabiliko dira, udalerriko hiri-ekonomia suspertuz eta tokiko establezimenduetan kontsumo kontzientea bultzatuz.
Kanpaina honetarako, 30.0000 euro erabiliko dira.
Oinarrietan jasota dagoenaren arabera, parte hartzeko honako baldintza hauek bete behar dituzte establezimenduek:
·	15 langile baino gutxiago izatea.
·	Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea Bergaran eta zerga hori or-daintzetik salbuetsita egotea, eta epigrafe hauetakoren batean alta emanda egotea: 65, 67, 86 edo 97.
·	Jarduera ekonomikoa jendearentzat irekitako lokal batean garatzea, Bergarako udal-mugartearen barruan.
Erosketa-bonuak “bergara.bonoak.eus” web-aplikazioaren bidez kudeatuko dira eta bonuak komertzioetan bakarrik erosi ahal izango dira.
Bonu-kanpaina honetarako ondorengo mugak ezarri dira:
·	Pertsona bakoitzeko muga, diruz lagundutako bonuak erosteko: 75 euro.
·	Kopuru hau gaindituz gero, ez du deskonturik izango.
·	Establezimendu bakoitzak jaulki ditzakeen diruz lagundutako bonuen gehieneko muga: 7.500 euro.
·	Bonuak kanpainara atxikitako establezimenduetan bertan erosi ahal izango dira bakarrik.
·	Diruz lagundutako bonuak 2021eko abenduaren 31 baino lehen erosi eta kontsumitu ahal izango dira, betiere udalak kanpaina honetara bideratutako kopurua lehenago agortzen ez bada.
 
							 
							
