Bergarako Udalak Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan alegazioak aurkeztu ditu gaur, azaroak 22, Eusko Jaurlaritzan.

Azaroaren 10ean herritarrekin egin zuen bilera irekian aurreratu zituen nondik norakoak, eta publiko egingo zituela esan zuen, herritarrek nahi izatekotan alegazioetarako eredua izan dezaten. Hilaren 29an amaituko da horretarako epea.

Alegazioak hirigintzari eta ingurumenari lotutakoak dira. Laburbilduz, eta hirigintzari dagokionez, indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta. Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez da bateragarria, erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala.

Ingurumenari dagokionez, kontuan harturik zuhurtziaren eta kautela-ekintzaren printzipioa eta proiektu teknikoaren kaudimenari buruzko berme teknikoen gabezia, horrek gomendatzen du jarduera ez baimentzea, gertuan baitaude etxebizitzak eta bizitegi-auzoak. Osatzeko edo zuzentzeko hainbat alderdi ere proposatzen dira.

ALEGAZIOEN DOKUMENTUA