Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Garapen Sozioekonomikoa arloaren 2020ko memoria osatu da.

7.893 pertsona artatu dira Gizarte Zerbitzuetan 2020. urtean, 2019an baino 494 pertsona gehiago. Horietatik gizarte zerbitzuetara lehenengo aldiz hurbildutakoak 264 izan ziren.

Artatutako pertsonen jatorriari dagokionez, %83 Euskal Herrikoa edo Espainiar estatukoa izan zen. Artatutakoen artean %56 emakumezkoa izan zen eta %44 gizonezkoa.

Guztira 1.517 espediente tramitatu ziren 2020. urtean, 2019an baino 247 gutxiago, %14a hain zuzen ere.

Bergarako Udalaren gastua arlo horretan aurrekontu osoaren %9koa izan zen, 2.703.889,30 €. 2019 urtearekin alderatuta %38,90 handiagoa.

  • Gizarte Zerbitzuetan 2.138.999,08 €
  • Garapen Sozioekonomikoa 564.889,48 €

Igoera aipatutako bi arloetan eman da, eta COVID-19ak eragindako osasun pandemiaren eragina nabarmena izan da Bergaran ere. Hori horrela, premia handienak zituzten herritar, ostalaritza, merkataritza eta enpresei laguntzeko Udalak egin duen ahalegina nabaritu egin da gastuan. 

Osasun pandemiak eragin zuzena izan zuen bai 2020. urteko Gizarte Zerbitzuen eta Garapen Sozioekonomikoaren arloan, baita herritarren premiei erantzuteko eskainitako laguntzen kopuruan zein hauek artatzeko moduan ere.

Premia horiei erantzuteko Udalak azkar moldatu behar izan zuen bere jarduna, eta unean uneko aldaketetara egokitze lan sakona egin behar izan zuten bertako langileek. 

Gastuari aurre egin zaio Udalaren %75eko ekarpenarekin. Gainerako %25a Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herritarren ekarpenekin ordaindu da. Aipatzekoa da azken hauen ekarpena %13,96 igo dela.

 

*Memoriaren txostena irakurri