2022. urtean landuko dituen proiektuak aurkeztu ditu gaur Bergarako Udal Gobernuak. Jarduneko alkate Ainhoa Letek, Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik eta Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik aurkeztu dituzte Bergara izan, bizi, ekin legealdi planean eta Bergara 2030 egin herrixa plan estrategikoan jasota dauden egitasmoak. Herritarren ongizatea izango dute ardatz. 

 

Bi planek elkar elikatzen dute. Biek antzeko baloreak sustatzen dituzte. Egiten denak garrantzia duelako, ezbairik gabe, baina nola egiten den horri ere arreta jarri nahi diogu. Bergara izan, bizi, ekin plana egin genuenean esan genuen elkarrekin, elkarlanean eraiki nahi dugula Bergara berria, herri bizia izango dena. Jasangarritasunetik, feminismotik eta justizia sozialetik, elkarbizitza erraztuko duen Bergara atseginean”, gogoratu du Letek. 

 

Pertsona guztiak aintzat hartuko dituena. Pertsona helduek bizitza duina izan dezaten lan egiten duen herri solidarioa. Haur-gazteak subjektu izango dituen herria. Bergararrak beren herrian bizitzen gera daitezen etxebizitza, lana... bermatuko dizkiena. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak aintzat hartuko dituena, ez baitugu nahi inor atzean gera dadin. Berdintasunean oinarritutako herrian sinesten dugulako. Horrelako herria nahi du Udal Gobernuak. 

 

Iaz landutako proiektuak norabide horretan joan ziren. “Aipatzekoak dira herritarrekin eta eragileekin elkarlanen martxan jarri ditugun proiektuak. Eta elkarlanaz ari garela, hasieran aipatutako bigarren planari egingo diot erreferentzia. 2030. urteari begira ere jarri gara eta hamarnaka herritar eta eragileekin elkarlanean Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategikoa egin dugu”, gaineratu du jarduneko alkateak. 

 

Aste honetan bertan onartu du azken hau udalbatzak osook bilkuran. Agenda 2030ek ezarritako helburuak hartu dira kontuan, garapen jasangarrirako helburuak, hain zuzen ere. Garapen jasangarrirako helburu horiek, barne hartzen dituzte, besteak beste, pobrezia, klima larrialdia, genero berdintasuna, hizkuntza eta kultura aniztasuna, industriaren garapena…

 

5 helburu estrategiko handi markatu dira. Horietako bat, “Herritarren ongizatea bermatuko duen eta herritarren arteko lankidetzaren zein zaintzaren baloreak sustatzen dituen gizartea eraikitzea.”

2022an egitea aurreikusi direnen artean hauek nabarmenduko dituzte Letek, Aranberrik eta Iñurrategik: 

Aurten bi proiektu handi gauzatuko direla esan dute: Zubieta eta Masterreka kaleak berrurbanizatzea eta Agorrosin berria; eta garrantzitsuak izango dira, halaber, Arrizuriagako proiektua, ortu komunitarioena...

Landuko diren gainontzeko proiektu nagusiak: 

Ikerketa giza-eskubideen urraketen inguruan (1936-gaur egun).

1936tik hasi eta gaur egun arte Bergaran egon diren giza eskubide urraketa mota guztien inguruko ikerlana egingo du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Horretarako, artxibo lanaz gain, herritarren parte-hartzea ere beharko da, eta helburua da memoria partekatu baterako pausuak ematea.

Arreta zentro arina

Dependentzia apala duten adinekoentzat San Joxepen zerbitzu berria jarriko da martxan laster, euren autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Etxebizitza hutsen azterketa eta horiek alokairura ateratzeko plana

Bergarako etxebizitza hutsen egoera ezagutu ostean, horiek alokairuan jartzera bultzatzeko ekintzak egingo dira.

Euskara lan-munduan sustatzeko egitasmoa garatu

Esparru sozioekonomikoa euskararen erronka handienetakoa da gaur egun. Gure herrian eta bailaran pausu handiak eman dira azken hamarkadetan, baina bultzada berria emateko proiektua garatzen ari gara Bergarako enpresa eta bestelako eragileen artean.

Agorrosingo futbol-zelai berria: 1. fasea.

Azoka biziberritzeko proiektua.

Lehen sektorearen elkargune izango den azoka landu nahi dugu. Elikadura jasangarri eta osasuntsuaren ereduan garatuko dena.

Berdintasuna. Aspaldiko eskaerari erantzungo zaio. Apustu egiten da hau indartzeko, laster teknikaria. Berdintasun plana. 

Hezkuntza mahaia. Bergarako hezkuntza formal zein informaleko eragileak batu eta elkarlanean proiektuak bultzatzeko asmoz sortu zen iaz hezkuntza mahaia. Aurten bi ildo landuko ditugu, guztion artean erabakitakoak: segregazioa eta gaitasun handiko haurrak.

2021ean egindako turismo plana indarrean jarri.

Bergarak dituen aukerak modu jasangarrian garatu nahi ditugu, herriko turismo eragileekin elkarlanean.

Arrizuriagaren erabilera diseinatzeko partehartze prozesua.

Arrizuriaga jauregian kultura arloko proiektua garatuko da, eta horretarako, herritarrekin batera egin nahi da eraikinaren diseinua, bergararren benetako beharrei erantzun diezaion. Kultur proiektua egingo dugu Arrizuriaga jauregirako, baina aldi berean, eraikina egonkortu eta baldintzak ezarriko ditugu bertan ezar dadin bergararron artean definitutako proiektua.


Zubieta-Masterreka ardatzaren berrurbanizazioa


Bergarako mugikortasunaren azterketa. Mugikortasun jasangarriagorako bidean, hainbat proposamen jasotzen dituen dokumentua lantzen dihardugu, oinezkoa, bizikleta, kotxea… barne hartzen dituena.


Klima eta Energia plana. Gizarte moduan daukagun erronka handienetakoari Bergaratik bertatik erantzuteko plana da honakoa. Energia aurrezteko, energia berriztagarriak ezartzeko, klima-aldaketara egokitzeko… neurriak jasoko dira bertan.

Ortu komunitarioak

Ortu urbanoak aurtengo udarako martxan egon daitezen lanean ari gara. Obrak hasteko daude eta bitartean erabilera irizpideak zehaztu eta akonpainamendu zerbitzuak adosten gabiltza.

Osintxu bizi

Buruñaoko bidegurutzea

Auzo, industriagune eta bidegorria elkartzen diren bidegurutzea ordenatu ahal izateko lanak egingo ditugu, erabiltzaileen segurtasuna zaintzeko helburuarekin.

Elosuko frontoia