2021. urte amaieran, Gabonen testuinguruan, egin zen Bergarako herritarrei zuzendutako erosketa-bonuen azken kanpaina. Askotariko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten Bergarako 47 establezimenduk hartu zuten parte ekimenean. Udalaren Sustapen ekonomikorako sailetik kudeatzen den ekimena eskertu dute merkatariek.

Gutxienez 150.000 euro mugitu dira kanpaina honen bitartez. Ekimenaren helburua da merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzea, horretarako udalerriko hiri-ekonomia suspertuz eta tokiko establezimenduetan kontsumo kontzientea bultzatuz.

Udalak 30.000 euroko laguntza bideratu zuen ekimenera, eta herritarrek %20ko deskontua izan zuten egindako erosketetan, beti ere, 75 euro arteko erosketetan.

Aurreko kanpainetan ez bezala, azken honetan bonuak kanpainari atxikitako merkataritza establezimenduetan bertan bakarrik erosi ahal izan dira, eta hori ere egoki baloratu dute bi aldeek.