Bigarren eskuko produktuen azokak berriz egiten hasiko dira Bergaran, baina pandemia aurretik zuten formatua moldatuta bueltatuko dira. Deialdi bakoitza mota jakin bateko bigarren eskuko materiala saltzeko eta erosteko egingo da aurrerantzean, hala, martxoaren 26an egingo den azokan kirol materiala soilik egongo da.

Oraingo hau Pol-Pol Mendizale Taldearekin eta Lokatza Ziklismo Eskolarekin elkarlanean antolatu du Udalak.

Martxoaren 26an, goizez egingo da azoka Fraiskozuri plazan (eguraldi txarrarekin frontoiaren barruan). Materiala saltzeko ez da aurretik izena eman behar, 09:30etik 10:30era arteko tartean joan behar du bertara. Materiala erosteko, berriz, ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da.

Azoka hauen helburua da produktuen bizitza luzatzea, birziklatzea, eta ondorioz hondakin gutxiago sortzea. Pertsonen arteko harremana sustatzeko ere balio dute, halaber.