Lurzoruaren okupazio publikoaren ordenantza berritzen ari da Bergarako Udala. Udalak egindako proposamena osatzeko prozesuan merkataritzako eta ostalaritzako profesionalekin zein herritarrekin hainbat bilera egin dira. Jasotako ekarpenekin ordenantza zirriborroa prestatu da, eta datozen egunotan landuko dute udalbatzako alderdiek. Ondoren, apirilaren 26an, 20:00etan, udaletxean, bilera irekia egingo da ostalari, merkatari eta herritarrekin.

Indarrean dagoen ordenantzarekiko hainbat aldaketa proposatzen ditu berriak, esaterako, orain artekoak ostalaritzaren okupazioa arautzen zuen, berriak, berriz, merkataritza establezimenduen okupazioa ere arautuko du.

Espazioaren okupazioa zonaka sailkatu da 3 gunetan: erdigunea, ingurua eta auzoak. Tasa ere zonaka ezarriko da.

Establezimendu bakoitzak hartzen duen lurzoru publikoaren espazioa delimitatuta egongo da, metrotan, eta markatuta.

Lurzorua okupatzeko eskaerak orain arte hilabetero egiten dira. Ordenantza berrian proposatzen da urteko bi sasoitarako egitea, alegia, udarako eta negurako.