Martxoaren 28an egin du Bergarako Udalbatza Osoak ohiko batzarra. Udalaren funtzionamenduari lotutako hainbat gai landu eta onartu dira, esaterako, arrazionalizazio plana edo ur zerbitzuko langileen guardiak. Azken puntu horri lotuta, behin-behineko alkate Ainhoa Letek udal zerbitzu horretako langileek azken urteotan egin duten lan ona nabarmendu du, horrek ekarri baitu emergentziazko interbentzioak gutxitzea, mantenu lan ona egiten ari delako langile taldea. Orain egin den aldaketarekin bilatzen da langileen eskubideen eta zerbitzuaren kalitatearen arteko oreka. EH Bilduk (9) alde bozkatu du, EAJ-PNVk (6) kontra eta PSE-EE (1) abstenitu egin da. 

Mendebaldeko Saharari buruz EH Bilduk (9) eta EAJ-PNVk (6) adostutako mozioa onartu da bi talde horien aldeko bozkekin. Kontra bozkatu du PSE-EEren ordezkariak. 

Hala dio mozioak: 

Espainiako Estatuak, arrazoi historiko, politiko eta juridikoengatik, erantzukizun handia dauka bizi-bizi dirauen Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan. 

Izan ere, 1975an, Hagako Nazioarteko Auzitegiak legez kanpoko jo zituen 'Madrilgo Akordioa'. Ondorioz, Marokok ez dauka subiranotasunik Mendebaldeko Saharan, eta okupazioa legez kanpokoa da erabat. 

Duela hamarkada batzuk, Nazio Batuen Gutunean jasotzen denarekin bat etorriz, NBEak Mendebaldeko Saharaz adierazi zuen “Lurralde ez Autonomoa” dela, gobernu propioa osotasunean eskuratu ez duten herrien lurraldeei ematen zaien izendapenaren arabera. Afrika osoan, Mendebaldeko Saharakoa da oraindik etenda dagoen estatutu post kolonial bakarra. 

Halaber, Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Gobernuari etengabe erreklamatu dio potentzia kolonial administratzailea izanik –'de iure' ere bai Auzitegi Nazionalak 2014an ebatzi zuen autoaz geroztik–, ahalegindu dadila behar adina Saharako Herriak bere autodeterminazio eskubidea erabil dezan erreferendumaren bidez. Espainiako Gobernuaren aldebakarreko erabaki berri hau ez da jarrera sinesgarria, ezta errealista ere, izaera politikoko gatazka hau konpontzeko. Horiek horrela:

1- Bergarako Udalak erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Aldaketa honek esan nahi du Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako Gobernuak.

2- Bergarako Udalaren ustez, Espainiako Gobernuaren azken jarrera honek erabat urratzen ditu Nazioarteko Zuzenbidea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta baloreak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak, irtenbide politiko bidezko eta iraunkorra aldarrikatzen baitute, alde bien artean adostua eta Saharako Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko eskubidea gauzatuz amaitu beharko litzatekeena. 

3- Bergarako Udalak eskatzen dio Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari berari EBko Justizia Auzitegiak emandako ebazpenak errespetatzeko. Ebazpen horien arabera, Mendebaldeko Saharako era guztietako baliabide naturalak Saharako Herriari dagozkio eta, haren baimenik gabe, ezin ditu inork erabili. 

4- Bergarako Udalak inplikatutako alde guztiei eskatzen diete uko egiteko probokaziozko edo indarrezko edozein ekintzari; eta konpromisoa hartzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartutako akordioak erabat errespetatuz. 

5- Bergarako Udalak bere lurraldea okupatuta duen herriaren tragedia aitortzen du; baita basamortuan bizirautea lortzen duten errefuxiatuena ere. Ondorioz, Bergarako erakunde zein herritarrei dei egiten diegu jarrai dezatela Mendebaldeko Saharako eta Tinduf-eko kanpamentuetako egoera humanitarioa hobetzeko laguntza eskaintzen.

6- Bergarako Udalak berresten du Fronte Polisarioa dela Saharako herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra, NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta.