Apirilaren 25ean batu da Bergarako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Besteak beste, aho batez eman zaio hasierako onarpena 'Arin' eguneko udal-arreta zerbitzua sortzeari eta hura arautuko duen araudiari. 30 egunez egongo da araudi proposamena jendaurrean. 

Aho batez onartu dira, halaber, bileran landutako gai gehienak. Esaterako, Barrenkalea 6 eta 8 eraikinetako karkabak jabari publikora doanik emateko eskaintza; Elurmendi elkarteak egindako Elosuko udal-frontoiaren ondoko lurzati baten doaneko zesioa; edota Iruzurraren aurkako planaren onarpena.

Agirre, Aldaiegia, Arane, Aritzeta, Askarruntz, Goiauzoa eta San Juan auzoak biztanleriaren entitate singular gisa kalifikatzea ere aho batez onartu da. Orain arte auzo batzuk horrela kalifikatuta zeuden, baina beste batzuk ez, Izendapena aldatzearekin ongi definituta gelditzen da Bergarako landa-eremua, eta kudeaketa administratiboan onurak dakartza horrek. 

Bestetik, Olaso Dorrea Fundazioarekin 2021eko martxoaren 1ean sinatutako hitzarmenaren aldaketa bat onartu da. Egun berean bi bisita egiten direnean, bigarrena 15 minutu beranduago hasiko da aurrerantzean, horrela, lehenengo txandakoek denbora gehiago izan dezaten. Arrakasta handia izaten ari dira bisita gidatuok, eta jendearen parte-hartzeak bisitarako denbora gehiago behar izatea eskatzen du. Aldaketaren alde bozkatu du EH Bilduk (9 boto), kontra EAJ-PNVk (7 boto) eta PSE-EE (boto 1) abstenitu egin da. 

3. Kreditu aldaketa onartuz 2022ko martxoaren 30ean emandako Dekretuaren berri ere eman da bilkuran. Ogasun zinegotzi Aitor Aranzabalek azaldu duenez, hori onartuta, aurreko urteko gerakina zenbatekoa den jakin ahal izango da orain, eta horrela, 2022. urteko aurrekontuetan gerakinetik egingo diren inbertsioak egiteko aukera egongo da. Esaterako, Gobernuak eta EAJ-PNVk aurrekontuak onartzeko egindako hitzarmenean adostutakoak gauzatzeko.

Bileraren grabazioa udalaren Youtube kanalean dago ikusgai.