Gaur egun, etxeko tresna txikiren bat hondatzen denean ohikoa da hura bota eta berria erostea, konpontzen saiatu gabe. Baina, askotan, konpontzea uste baino errazagoa da. Berrerabiltzeko eta konpontzeko filosofiari jarraitzen dio ‘Kafekonpon’ egitasmoak. Baztertutako tresnak dituzten pertsonak eta haiek konpontzen laguntzeko prest daudenak batzen dituen egitasmoa maiatzaren 11, asteazkena, 16:00etan, bueltatuko da San Joxepera.

Osasun pandemiagatik etenda egon den ekimena 2013an abiatu zen Bergaran. Europako hainbat tokitan ‘Cafe Repair’ izenarekin ezagutzen da egitasmoa. Helburua da hondatu zaizkigun etxeko tresna txikiak (plantxa, bizikleta, erloju...) konpontzen ahalegintzea berrerabili ahal izateko, kafe baten bueltan.

Etxean ez dabilen trasteren bat duen edonork, eta trasteak desarmatu eta martxan jartzea maite duen edozein ”esku-trebek” parte har dezake.

Hemendik aurrera hileko bigarren asteazkenean egingo da hitzordua, 16:00etatik aurrera San Joxepen.