Bergarako Udalak zenbait udal partzela herritarren eskura jarriko ditu San Joxepen aisialdirako ortu modura erabiltzeko. Ortuen esleipena zozketa bidez egingo da, eta zozketarako izen-emateko epea 2022ko ekainaren 24tik uztailaren 14ra bitartean egongo da zabalik.

Udalak modu horretan aisialdi aktiborako eta inklusiborako topagune bat sustatuko du, gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak nahiz belaunaldi ezberdinen arteko trukea bultzatzeko; eta, aldi berean, nekazaritza ekologikoari bultzada bat emateko. Helburuetako bat aisialdia den heinean, baratze hauetatik ateratako produktuak saltzea debekatuta egongo da eta, beraz, norberak kontsumitzeko eta etxeko erabilerarako soilik diren produktuak bakarrik landatu ahalko dira.

Ustiapenerako erabilera-baimena zozketaren bidez adjudikatuko da eskatzaile izan direnen artean. Urtebeteko aldirako emango da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez 2025eko abenduaren 31ra arte.

Esleipenerako eskaera egin ahal izango dute Bergarako udalerrian erroldatuta dauden pertsonak, baldin eta udalerrian gutxienez azken sei hilabeteetan bizi badira – esleipen-deialdia argitaratzen denetik –, eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Bergarako Udalarekin zerga edo beste mota bateko betebeharretan egunean egotea.
  • Familia-unitatearen beste inolako kiderik beste baratze ekologiko baten esleipendun ez izatea.
  • Zigortua ez izana aurretik aisialdiko baratzea izan eta ordenantza honetan aurreikusitakoa ez betetzeagatik.
  • Ortua erabiltzeko lizentzia-baimena indarrean jarri aurretik, udalak eta/edo elkarteak antolatutako baratze-zaintza ekologikoari buruzko derrigorrezko ikastaroa osorik egina izatea.
  • Baimenak irauten duten bitartean Bergaran erroldatuta egon beharko da, errolda aldaketak berarekin ekarriko luke baimena galtzea.

Prozesuari buruzko informazioa eta sortuko diren dokumentu publikoak (zozketak, zerrendak, abisuak, etab.) udal webgunean egongo dira eskuragarri.

 

Arloa: