Askotarikoak dira aurtengo udarako ere haur eta gaztetxoei zuzenduta Bergarako Udalak aisialdirako prestatu dituen ekintzak.

Ekainaren bukaeran hasi ziren udaleku irekiak, kirol kanpusa eta Laboratoriumeko udako eskaintza, eta guztira 780 haur eta gaztetxo ari dira horietan parte hartzen. 128.000 euroko aurrekontuarekin gauzatzen ari dira ekimenak.

Aurten ahalegin berezia egin du Udalak eskaerari erantzuten, eta hari egokitu dio eskaintza. Modu horretan, eskaera guztiei erantzun zaie, inor plazarik gabe utzi gabe. Elkarlanean osatu da eskaintza, eragile desberdinen ekarpenekin. Esaterako, herriko ikastetxe guztiek, iaz hasitako bideari jarraituz, haien azpiegiturak jarri dituzte eskura.

Apirila bukaeran egindako aurkezpenean Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik azaldu zuenez, “kalitatezko eskaintza osatzen ahalegindu gara. Iaz genionaren ildotik, uste dugulako herritarrek, eta kasu honetan haurrek eta gaztetxoek, hori behar eta merezi dutela”.

Haiek dituzten behar eta nahi desberdinei erantzuteko eskaintza da aurtengoa. Hala, kirola, aisia, zientzia, jolasa eta beste eskainiko dira, gune desberdinetan. Agorrosinen, Laboratoriumen, ikastetxeetan, esaterako. Aurreko bi urteetan ez bezala, osasun pandemiak baldintzatuta egin baitziren ekimenak, ohiko egoeran egiten ari dira jarduerak orain arte.

Eranskinak: