Bergara izan, bizi, ekin planean, 2023. urtera arteko legealdian, Arrizuriaga jauregiari lotuta bi egitasmo jasotzen dira. Batetik, eraikina bera egonkortzea, eta bestetik, hari emango zaion erabilera zehaztea, alegia, bertan garatuko diren jarduerak herritarrekin batera adostea.

Bergarako Udal Gobernuak badarama denbora tarte bat proiektuan eta egin beharreko prozesuan pentsatzen eta lanean. Arrizuriaga jauregiak kultur erabilera izatea nahi du, bere zentzurik zabalenean. Herritarrek erabiliko duten gune bat izatea da helburua, herri mailan egon daitezkeen dinamika ezberdinen gune izatea.

Horrekin batera, emakumeentzat espazio bat ere aurreikusi nahiko litzateke bertan. Emakumeentzat gunea sortzea ere aurreikusita dago Bergara izan, bizi, ekin planean. Dena dela, herriko emakume eta emakume taldeekin batera adostuko dira gune horren helburuak, zereginak, dinamikak...

Herritarrekin eta eragileekin Arrizuriagari emango zaion erabilera adosteaz gain, haren, kudeaketa eredua ere aztertu nahi da. Horretarako bilera irekiak egingo dira. Lehenengoa irailaren bigarren hamabostaldian egingo da, eta landuko diren gaiak espazioaren erabilera eta kudeaketa eredua izango dira. 

Atzo, uztailak 12, prozesua hasi aurreko bilera bat egin zen kultura eragileekin. Bertan egindako ekarpenak eta zalantzak jaso zituzten udal ordezkariek, eta iraileko bileran landuko dira. Jauregira bisita ere egin zuten bileran parte hartu zetenek. 

Maiatzaren erdialdean hasi ziren eraikina egonkortzeko lanak, eta bost hilabetetan amaitzea aurreikusten da. Kontuan hartu behar dira eraikinaren beraren ezaugarriak ezein lan egiteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ondare izendapena dauka jauregiak, eta horrek baldintza batzuk ezartzen ditu, kanpoko itxura, esaterako, ezingo da aldatu. 

Egonkortze lana “Goitu Eraikuntzak SL” enpresa egiten ari da, 547.964 eurotan (BEZ barne) esleitutako aurrekontuarekin.