Adineko pertsonen nazioarteko eguna indartu eta zabaldu asmoz, Bergarako pertsona nagusiak ordezkatzen dituzten hainbat taldek (Duintasuna, San Joxepe eta Nagusilan) Udalarekin batera urriaren 1erako aldarrikapen ekitaldi bat antolatu dute.

Ekitaldia, urriaren 1ean, larunbata, 12:00etan, Munibe plazan egingo da (euriarekin Seminarioko patioko karpan egingo da). Hiru elkarteen artean adostutako adierazpena irakurriko da, eta jai giroan abesti saio bat egingo da bertaratzen direnen artean. Jai giroa osatzeko, mokadutxo eta edatekoak ere banatuko dira.

Nazio Batuen Erakundeak 1990eko abenduaren 14an adineko pertsonen nazioarteko eguna aldarrikatu zuten talde horren eskubideak aldarrikatzeko. 1991ko urriaren 1ean ospatu zen eguna lehen aldiz, eta ondoren urtero ospatzen da.

Egun hori ezarri zen bizitzaren luzapenari eta honek duen balioari buruzko kontzientzia hartzea errazteko, gizarte inklusibo, integratzaile eta bidezkoagoak lortzeko lan egiteko beharra erakutsi, eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako politikak garatzearen garrantziaz gogoeta egiteko.

Antolatzaileek Bergarako adineko pertsona guztiak gonbidatzen dituzte ekitaldian parte hartzera.