Erorikoak dira lesio eragile nagusiak EAEko 64 urtetik gorako adinekoetan. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. 

Arazo horren garrantzia kontuan hartuta, erorikoei aurrea hartzeko tailer batzuk antolatu dituzte Bergarako Udaleko Gizarte-zerbitzuetako Sailak eta Kirol Sailak, Osakidetzaren Osasun-zentroekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin batera, Osasun Publikoa eta Adikzioa; 64 urtetik gorako pertsonei eta euren senide edota zaintzaileei zuzenduta daude, erorikoen kopurua gutxitzeko asmoz.

Tailerrak Bergarako Agorrosin Kirol Gunean egingo dira bi saio teoriko-praktikotan: azaroaren 8an eta 10ean, 16:30etik 18:00etara. Bertan azalduko dira, besteak beste, zergatik gertatzen diren istripu horiek eta zer egin aurrea hartzeko, zer garrantzizkoak diren ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa, edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri (telelaguntza).

Izen-emateak dohainik egin ahalko dira, Osasun-zentroan (943 035400) edo Agorrosingo kirol gunean (943 777095), bertan edo telefonoz.

[Informazio gehigarria]