Azaroaren 25ean jakinarazi bezala, joan den aste amaieran bukatu ziren futbol zelaia behin behinean zabaltzeko egin beharreko lanak. Futbol zelaia berritzeko egin behar diren lanen lehen fasea da hau, hortaz, belarra kendu eta soropil artifiziala jarri da, instalazio elektrikoa berritu da, eta zelaiaren inguruan hainbat lan ere egin dira, esaterako, pista perimetrala asfaltatzea, edota harmailak eta jokalarientzako aulkiak garbitzea eta margotzea.

Hori horrela, erabilera publikoa emateko beharrezko baldintzak betetzen dira. Gaurtik aurrera has daitezke, hortaz, taldeak bertan entrenamenduak egiten, eta datorren asteburuan hasiko dira berriz ere partidak jokatzen Agorrosingo zelaian.

Futbolean aritzeko espazio ederra eta berritua eskaintzen da. Ikusleentzako zerbitzuetan eta paseatzeko gunean, berriz, oinarri oinarrizko zerbitzua emango da, beste faseak egin bitartean.
Partida egunetan erabiltzeko komunak, esaterako, zaharkituta daude, eta margotu eta zertxobait txukundu egin dira. Gogoan izan behar da aspaldi egindakoa dela instalazioak.

Lehenengo fasea amaitzeko falta direnak, eta abenduaren amaierarako izatea espero direnak: markagailu berria, jokalarientzako bankiloak, mini estadioan belar berria, futbol 7ko bi porteria mugikorrak.

Arloa: