Ostiral honetan, abenduaren 16an, bosgarren gaua biziko du Danbaka Musika Lehiaketak Bergarako Seminarixoa aretoan. Bosgarren gau honetan, Bergarako Arragoa, Islabat eta Orhi, eta Arrasateko Sindy Berbenas taldeek joko dute. Emanaldiak 21:30ean hasiko dira. Bestalde, chill out gunea girotuko du DJ LP Woman (Lara Peman) artistak.

Abenduaren 16an (21:30) kontzertua emango duten taldeen deskribapena:

Bergarako Arragoa taldea: Bergaran betidanik lagunak izan diren bi familiek osatzen dute Arragoa. 2015ean eman zuten lehen kontzertua eta ordutik askotariko formatutan jo izan dute, betiere folka oinarri. Eurenak diren kantuak eta Irlandatik, AEBtik edota Suediatik datozenak uztartzen dituzte errepertorioan.  

Bergarako Islabat taldea: Bergarako Islabat taldeak rocka du oinarri, baina ez da ohiko rock talde bat. Lokatzetan ondutako uzta izanik, Islabat soinu ilunen gourmetentzako dastatze menu bikaina da, rocketik eta iluntasunetik edaten duen proposamen sailkaezina, intentsitatearekin jolasean eta ñabarduraz betea.

Bergarako Orhi taldea: Bergaratik eta Azpeititik datorren seikoteak askotariko doinuak lantzen ditu, erritmo lasaiak eta azkarragoak uztartuz. Proiektuarekin hasi berri badira ere, inor axolagabe ez uzteko moduko eskarmentua igartzen zaie.  

Arrasateko Sindy Berbenas taldea: Taldea 1996an sortu zuten, Arrasateko punk-oi! mugimenduaren barruan. Urte luzez lozorroan egon arren, Sindy Berbenas inoiz baino gogotsuago eta gaztetuago dago gaur egun eta horren seinale da disko berri batekin ari direla lanean. Ohi bezain ganberro igoko dira Seminarixora, bosgarren kanporaketa ixteko.

Chill out gunean, DJ LP Woman (Lara Peman). Astigarragatik datorren DJa da Lara Peman, besteak beste, Nerea Loron La Furia-ren ikuskizunetan parte hartzen duena.  

20 talde, bost kontzertu eta finala

Debagoieneko askotariko 20 musika taldek hartu dute parte Danbakaren bosgarren edizioan. Bost kontzertu dira, guztira. 

Hain zuzen ere, abenduaren 16koa izango da bosgarren kontzertua, finalaren aurreko azken kanporaketa. Final handia urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

Sarrerak

Kontzertuetarako sarrerak 4 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan, kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita; eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Goienak kontzertu osoak grabatuko ditu eta ostean emango ditu Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Goienak jarraipen zabala egingo dio lehiaketari.

Sanprubusa eta chill out gunea plazan

Aretoaren kanpoaldean, San Martin plazan, chill out gunea egokituko da. Emanaldiak hasi aurretik (21:00etan) eta atsedenaldian (22:50) musika emanaldiak izango dira. Ostiral honetan, Cristian Coello aretxabaletarra eta Olatz Ugarte bergararra izango dira protagonista chill outean.

San Martin plazan Sanprubusak emango du taberna zerbitzua. Bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dituzte eta taberna txiki bat jarriko dute.

Sari nagusia eta publikoaren saria

Danbaka Musika Lehiaketak bi sari ditu: Sari Nagusia, disko bat grabatzea. Danbakako epaimahaiak aukeratzen du talde hori, kontzertu guztiak ikusi ostean. Bestetik, Publikoaren Saria, bideoklip baten grabaketa. Publikoak aukeratzen du, www.danbaka.eus webgunean edo Goiena.eus-eko Danbaka kanalean. Botoa emateko epea zabalik dago, urtarrilaren 10era arte.

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetan. Horietatik 19 epaimahaiak aukeratu ditu. Eta, azkena, 20.a, publikoak, boto bidez. Arrasateko eta Aramaioko 112 taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.200 boto jaso dira.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Julen Narbaiza musika-zalea eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoa; Kristina Markina, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia; Iñigo Ugarte, musikari oñatiarra; Nerea Loron La Furia, rap abeslari eta sortzailea; eta Aitor Aldanondo, musikari bergararra.