Bergarako hainbat lekutan dauden katu-koloniak eta horiei lotutako arazoak kontrolatzeko helburuarekin lanketa abiatu du Udalak. Abenduaren 13an Lurralde Batzorde Informatiboak emandako irizpen batek 'KatuZo' elkartearekin hitzarmena egitea jasotzen du, gai hori kudeatzeko. Gaur, abenduak 19, udalbatzak egingo duen ohiko osoko bilkuran landuko da gaia. 

Elkarteak plan bat egingo du 2022. eta 2023. urteetarako. Plan horretan, lehenengo fasean, udalerriko mapa bat egingo da eta bertan jasoko dira katu-koloniak dauden eremuak eta horien osaera jasoko duen gutxi gorabeherako errolda. Udalak, bere aldetik, koloniak aurkitzen lagunduko du. Herritarrei ere eskatuko zaie laguntza. 

'KatuZo Bergara' elkartearen helburuetako bat animaliak defendatzea eta babestea da, eta jasotako animaliei osasun- eta albaitaritza-laguntza ematea, beharrezkoa izanez gero. 

Estatutuetan adierazten da, halaber, helburu horiek lortzeko, besteak beste, honako jarduera hauek egingo direla: 

  • Kalean bizi diren edo abandonatuta dauden animaliak jaso, esterilizatu eta askatu. 

  • Kontzientziazio-lana egin, animalien ongizatea defendatzeko eta animaliak ez abandonatzeko, beharrezkoak ez diren gurutzaketak ez egiteko eta animaliak edukitzekotan arduraz edukitzeko. 

  • Ikasleen artean ikastaroak eta hitzaldiak sustatu, animalien babespenaren balioak hedatzeko eta txikienen elkartasuna lantzeko, eskola, ikastetxe edo hezkuntza-zentro ezberdinetan. 

Osoko bilkuran hitzarmen proposamena onartuta, eta bi aldeek hori sinatu ondoren, herritarrei jakinaraziko zaie zein izango den kalean dauden katuekin jarraitu beharreko prozedura.