Bergaran bizi eta erroldatuta dauden atzerritik etorritako pertsonek maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetan botoa eman ahal izango dute, baldin eta hartarako eskaera egiten badute. Jatorriaren arabera, urtarrilaren 15ean edo 30ean amaitzen da eskaera egiteko epea.

Hauteskunde Erroldaren Bulegoak baldintzak betetzen dituztenei komunikazioa bidali die, eskaera inprimakiarekin. Hori beteta posta arruntez edo bide telematikoz aurkez daiteke.

Pertsonaren batek gutuna jaso ez badu, webgune honetan egin dezake eskaera: https://sede.ine.gob.es.

Europar Batasuneko herrialderen batetik edota Suitza edo Liechtensteinetik etorritako egoiliarrek aurrez botoa eman badute ez dute aparteko tramiterik egin behar, hautesle erroldan agertuko baitira, dagoeneko.

Aurrez botorik eman ez badute, berriz, eskaera egin behar dute, urtarrilaren 30a baino lehen. Eskaera Espainiako gobernuaren estatistika institutuaren web atariaren bidez bete daiteke edo inprimakia deskargatu eta posta arruntez Hautesle Erroldaren Bulegora bidal daiteke.

Europar Batasunetik kanpoko zenbait herrialdeetako herritarrek ere botoa emateko eskaera egin dezakete. Hauek dira Espainiarekin hitzarmena duten herrialdeak: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua edo Trinidad eta Tobago.

Hainbat baldintza betez gero, botoa emateko aukera izango dute:

  • Goian aipatutako herrialde batean jaio izana.

  • Gaur egun Bergaran erroldatuta egotea.

  • Estatu espainiarrean bizitzeko baimena indarrean izatea.

  • Estatu espainiarrean 5 urtez bizi izana.