Bergarako Udala-k Az, 2023-03-08 08:00-n bidalia
Xabier Amurizak martxoaren 16an jasoko du Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria. Ekitaldia herritarrei irekia da. 18:30ean hasiko da Bergarako Seminarixoa aretoan. Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea fundazioak herritarrak gonbidatu nahi dituzte bertara. Amurizari eskertzea egitearekin batera, bertsoaz eta musikaz gozatzeko aukera izango baita Maialen Lujanbioren eta Bergarako bertso eskolako kideen eskutik.
Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza Euskal utopikoei sariak.
2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena. Hortaz, aurtengoa ematen den hirugarrena da. 2021. urtean Seaskako lehen andereño Libe Goñik jaso zuen eta 2022. urtean Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik, besteak beste, Bergarako alkate izan zen lehena eta biek egin dute lan handia Bergaran zein Euskal Herrian.
Xabier Amurizaren ibilbideak bat egiten du Monzonek eta Ganuzak izan zituzten baloreekin. Izan ere, Xabier Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin dio Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari.
Saria sinboliko da, artelan bat. Artista gazte batek egindakoa. Bizi osoko ekarpena saritzearekin batera, artista gazteen lana sustatzea ere helburu baitu sari honek. Amurizak Iker Serranoren 'Haitz_erroa' artelana jasoko du.