Elorregiko elkarteko teilatua konpondu berri du Udalak, auzotarren azpiegiturak hobetuz, batetik herritarrek egindako eskaerari erantzun zaio, bestetik, auzoetan Udala egiten ari den hobetze lanetako bat ere bada, eta eraikin publikoak birgaitzeko bidean urrats berria egin da.  Obra hau ‘Construcciones Artzamendi SA’ enpresak gauzatu du, eta 27.588 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan du.

Eraikinak birgaitzeko prozesuan daude, halaber, kultura proiektu berria eta emakumeentzat gunea hartuko dituen Arrizuriaga jauregia. Une honetan lehen fase honetako obra amaitzear dago. Jarduketa horrekin eraikina sendotu egin da, fatxadan hainbat lan egin dira, inguratzaile osoaren obrak egin dira, eta barruko espazioa, solairu bakoitzeko, espazio diafano bihurtuko da.

Seminarioko patio alboan dagoen udal jabegoko gimnasioaren estalkia konpontzeko lanak ere laster hasiko dira. ‘Biark Studio SLP’ arkitektura enpresak idatzi du proiektu teknikoa. Proiektu horri jarraituz lanak egiteko lizitazio prozesua zabalik dago. Aurrekontua 77.172 eurokoa da (BEZ barne).

Errotalde jauregi ondoko zalditegia zenaren espazioa ere birgaitu egingo da, erabilera berri bat emanda. Hileta zibilak egiteko gune izango da, herriko beste kokaleku batzuekin batera. Urte luzez utzita egon da eraikin hori, eta egoera txarrean zegoen, eta haizeak eraginda hainbat teila ere erori edo kendu egin behar izan ziren iaz. Estalpea berritzeko lanak egiteko proposamenak aurkezteko epea amaitu berri da. 208.349 euroko euroko aurrekontua du (BEZ barne).