Gaur muntatu dute ‘Zientzia kalean’ erakusketa Laboratorium museoaren sarreran, eta dagoeneko bisitatu daiteke. Mostra Gipuzkoan jartzen den lehen aldia da, eta ikusgai egongo da uztailaren 28ra arte. 

Hamaika infografiaz osatutako erakusketa ibiltaria da eta irudi horietan egunero inguruan ditugun, erabiltzen edo kontsumitzen ditugun produktuen azalpen zientifikoa eskaintzen da. Infografien bitartez mugikorren, barra kodeen, txertoen, iturriko uraren eta sukaldeko plaken funtzionamendua azaldu da. Horretaz gain, jogurten, garagardoaren, zuhaitzen hostoen, ogi barren edo fruituen konposizioaren inguruko azalpenak ere eskaini dira.

Gorka Artola alkateak ezagutza zabaltzearen garrantziaz hitz egin du: “Mota honetako ekimenak oso baliagarriak dira zientzia gizarteratzeko; ezagutza kalera atera eta zuzenean herritarren eskura jartzen dutelako”. 

Era berean, nabarmendu du “oso pozgarria” dela Gipuzkoan erakusketa jasotzen duen lehen herria Bergara izatea, eta gogoratu du “etenik gabe” egiten dutela lan herritarrei zerbitzurik onenak emateko.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzak eta Euskampus Fundazioak jarri dute martxan. 

“Aurten, QR kode baten bitartez, erakusketa osatzen duten irudiak deskargatzeko aukera egon da eta bildutako datuek agerian utzi dute herritar askok badutela interesa zientziak haien egunerokotasunean nola eragiten duen ulertzeko”, adierazi du Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak.

Arloa: