Uda sasoia atzean utzita, eta azken egunetan eginiko Garbike Astearen ostean, Bergarako Udalak Agorrosin kiroldegiko ikasturtea abiatu du irailaren 18an. Udako balorazioa egin eta ikastaro berrien inguruko datuak eman asmoz, Udaleko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute astearte honetan kiroldegian bertan. Ordezkariek adierazi dute uda honetan erabiltzaile gehiago izan direla Agorrosinen udan zehar, eta ikasturte berrirako ere bergarar gehiagok eman dutela izena eta ikastaro gehiago izango direla.

Astelehen honetan, irailaren 18an, eman zaio hasiera 2023-24 ikasturte berriari. Hala ere, kiroldegia ireki aurretik, urteko garbiketa sakona burutu da irailaren 11 eta 17a bitartean. Bertan, besteak beste, igerilekuak hustu eta mantenu lan ezberdinak egin dira (aldagelak, kristalak, margoketa lanak, etab). Gainera, ikastaro zein fitness geletan txarto zegoen materiala ordezkatu egin da.

Guztira, 541 gazte eta helduk eman dute izena ikastaro ezberdinetan (iaz 475), eta arrakasta handiena izan duena igeriketa eskola izan da, 287 haurrekin. Lehorreko ikastaroetan, areto txirrindularitzak batu du jende gehien, eta ondoren, Pilates ikastaroek.

Udako datuei erreparatuz, aurtengoan 73.066 sarrerak kontabilizatu dira kirolgunean, aurreko urtean 65.426 izan ziren bitartean. Bero egunetan izan ohi diren pilaketen inguruan, berriz, soilik bi egunetan itxi behar izan da kanpoko ur eremurako sarrera, aforoa gainditu delako. Udako ikastaroei dagokienez, 485 ikastarogile izan dira, 2022. urtean baino 54 gehiago (431).

Aurrez aipatutako datuez gain, udal ordezkariek Agorrosingo futbol zelaian eginiko lanek guneari zein bergararrei eskaini dizkioten hobekuntzak aipatu dituzte, izan ere, belar artifiziala jartzeak entrenamendu eta partiden ordu zein egunak nabarmen hobetzea suposatu dute. Horretaz gain, erabiltzaileen erabilera librerako gunean behin behineko egokitzapena egiten ari direla azaldu dute udal ordezkariek.

Bukatzeko, eta udako aisialdi eskaintzari dagokionez, Labegaraietako kiroldegi ondoan uztaila bukaeran ireki ziren ur txorroten harrera ezin hobea nabarmendu dute, eta datozen hilabeteetan ingurua eta ekipamenduak hobetzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute.