2023an zehar Bergarara bizitzera heldu diren ‘bergarar berriekin’ bildu nahi izan du bertako Udalak, beraien iritziak jaso eta bi aldeen arteko harremanak estutzeko asmoz. Helburu horrekin, ekitaldi xumea antolatu zuten joan den larunbatean udaletxeko osoko bilkura aretoan.

Bertan, musika eta dantza lagun, Gorka Artola alkateak eta Zihortza Marzan zinegotziak ongi etorria eskaini zieten herrira heldu berriei. Artolak adierazi zuenez, “gainontzeko bergararrek bezala, udaletxeko ateak irekita dituzue. Euskal Herrian, eta beraz baita Bergaran ere, gure historian zehar ezagutu dugu migratzeko beharra arrazoi politiko, ekonomiko edo bestelakoengatik. Gaur egun, gure egoera desberdina dela esan dezakegu, horregatik, Udaletik uste dugu une honetan harrera herria izan behar dugula gure herrira bizitzera iritsi zareten guztiontzat”.

Beste aldetik, Marzan zinegotziak Euskarak Bergaran duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, eta herrira iritsitakoei euskarara “hurbiltzeko” gonbidtea luzatu zien: “Udaletik euskaldunon altxorra den euskara ezagutzera eta zuena sentitzera gonbidatzen zaituztegu. Badakigu ikasteko zaila den hizkuntza dela, eta askotan bizitzan beste lehentasun batzuk dituzuela. Baina ziur gaude, ikasiz gero, mundua eta Bergara beste begi batzuekin ikustea lortuko duzuela”.