Bergarako Udaleko eta FEX elkarteko ordezkariek 25.000 euroko hitzarmena sinatu dute, aipatutako elkarteak torlojuntzari loturiko proiektuak eta sustapena lantzen jarraitzeko. FEX elkartearen helburua torlojugintzari buruzko erreferentzia-zentro espezializatu bat gauzatzea da, torlojuek duten aplikagarritasuna eta horien merkatua lantzeko.

Proiektua Bergaran kokatuta dago, eta sektorean espezializatutako hamabi enpresek osatzen dute gaur egun elkartea. Bergarako Udalak hasieratik hartzen du parte proiektu honetan, zuzendaritza komiteko parte aktiboa izanik.
FEX elkartea, besteak beste, honako ekimen hauek garatzen ari da:
• Hitzaldi teknikoak, prestakuntzakoak.
• Hainbat sektoretan torlojuak dituzten lotuneak erabiltzen dituzten enpresekin harreman eta lankidetza proiektuak.
• Hotzeko forjaketari balioa ematea.
• Komunikazio digitala.
• Ekitaldi, jardunaldi, kongresu eta azoketan parte hartzea.

Ostegun honetan sinatutako hitzarmenean jasotzen da, besteak beste, elkarteak teknologiari, negozioari eta merkatuari buruzko batasunen esparrua ikertzeko azterlanak egin edo aginduko dituela. Halaber, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatuko du, proiektu globalei ekiteko beharrezkoak izan daitezkeen enpresa batasun edo elkarteak bultzatuz.

Zentzu horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak FEXek egiten duen lana goraipatu nahi izan du: “Bergara punta puntako herri industriala izan da azken hamarkadetan, eta torlojugintzan aritzen diren enpresa eta bertako langileek eragin zuzena izan dute errealitate horretan. Industria berritzen eta modernizatzen jarraitu behar dugu gaur egungo erronkei erantzuteko, eta, zentzu horretan, lan handia daukagu oraindik ere. Horregatik, Bergarako Udaletik horrelako ekimenak bultzatzen jarraituko dugu”.

FEX-en aldetik, Juan Urzelai eta Arkaitz Etxezarreta ordezkarien hitzetan, “bi erakundeak bat gatoz ezagutza espezializatua eta talentua sortzea gure industria eraldatzen jarraitzeko oinarria dela esatean. Lankidetza eta berrikuntza irekia FEXen eta Bergarako Udalaren DNAn dago, eta hori bi erakundeetako jendearen arteko elkarrekintzan nabari da. Azken urtean egindako lanaren balorazioa positiboa izan da, eta FEXek definizioari eta erabakitasunari dagokienez izan duen aldaketaren garrantzia nabarmentzen dugu, batez ere bazkideen jarreran izandako aldaketa garrantzitsu baten ondorioz”, adierazi dute.