Apirilaren 29an ospatzen den Generazio arteko Nazioarteko Egunaren baitan, Bergarako hainbat eragilek generazio arteko ‘olinpiar jokoak’ ospatuko dituzte apirilaren 26ean, 17:30ean, Munibe plazan (eguraldi txarra bada, Azokako goiko lokaletan egingo dira).

Jokoak gaur eguneko gazteek egiten dituztenak eta garai batean adineko pertsonak egiten zituztenak izango dira, eta jokoen amaieran txokolatea banatuko da partaide guztiekin. Aurtengo edizioa bigarrena izango da, izan ere, iaz martxan jarri zen lehen aldiz ekimen hau, adineko kontseiluaren sorrreran aritutako taldeak (San Joxepe, Duintasuna, Nagusilan eta Bergarako Udala) bultzatuta.

2022ko urrian adineko pertsonen nazioarteko eguna ospatu zen lehen aldiz eta ondoren belaunaldien arteko nazioarteko eguna bistaratzea erabaki zuten antolatzaileek. Honetarako Gaztedi departamenduarekin harremanetan jarri ziren eta honek Jardun eta Aidau elkartearekin harremanetan jarri gintuen.

Izena emateko gaztetxoak ludotekan eta adineko pertsonek San Joxepen aukera izango dute.

Antolaketan AIDAU, Duintasuna, San Joxepe, Nagusilan, Jardun eta Bergarako Udalak parte hartu dute.