webmaster-k Al, 2025-05-26 16:26-n bidalia
Bergarako Udalak, herriko farmaziekin eta osasun etxearekin elkarlanean, Babesgune Klimatikoak izeneko ekimena aurkeztu du, klima aldaketaren eraginez gero eta ohikoagoak diren bero bolada muturrei aurre egiteko. Ekimen honen helburu nagusia bergararren ongizatea eta osasuna bermatzea da, bereziki haurrak, adinekoak eta osasun arazoak dituzten pertsonak babesteko.
Babesgune klimatikoak ekainaren 1etik irailaren 30era egongo dira martxan, beroagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen denean, eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalduko dira. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da aurrez izena ematea beharrezkoa.
Babesgune hauetan tenperatura egokia, edateko ur freskoa, eserleku eta mahaidun espazio erosoak eta aldizkariak eskainiko dira, atseden hartzeko eta lasaitasunerako espazio seguru gisa funtzionatuz.
Udal ordezkariek azpimarratu dute ekimen hau ez dela soilik eguraldiari aurre egiteko baliabide bat, baizik eta gizarte zaurgarritasunari aurre egiteko tresna ere badela. “Beroak ez digu berdin eragiten guztioi, eta horregatik, zaurgarrienak babestea gure lehentasuna da”, azaldu du ZIhortza Marzan zinegotziak.
Aurten, gainera, hainbat eragileren partehartze aktiboa izan du planeamenduak. Osasun Zentroarekin elkarlanean bi hitzaldi antolatu dira —bat profesionalentzat eta bestea herritarrentzat—. Ekainaren 12an, Bergara Oinez ibilaldia babesgune klimatikoen zehar egingo da, eta farmaziak ere babesgune bihurtuko dira, behar duten pertsonei laguntza eskaintzeko.
Azkenik, Bergarako Udalak herritar guztiei dei egiten die babesgune hauek erabiltzeko, haien berri zabaltzeko eta auzolana sustatzeko. “Bergara toki seguruago eta osasungarriago bat bihurtzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi dute.