webmaster-k Al, 2025-12-01 11:32-n bidalia
Bergarako Udalak San Martin Agirre plaza eta haren ingurua berrurbanizatzeko obrak lizitazio publikora atera ditu 2.196.66,20 euroren truke (BEZ barne), eta lanak 2026ko udaberrian hasteko asmoa adierazi du, Barrenkaleko lanak bukatutakoan. Legegintzaldi Planaren barruan dauden lan hauen bitartez, espazioaren kalitatea hobetu eta plazaren izaera historikoari eutsiko zaio, eguneroko topaleku eta jai ospakizunetarako gune gisa indartuz.
Esku hartze eremua ez da egungo plazara mugatuko; aldameneko kaleetara ere zabaltzen da, Xabier Maria Munibe plaza, Konbenio kalea eta Bidekurutzeta kalearen zati bat barne, Munibe plazaren amaierara arte. Halaber, Artekaletik eta San Pedro elizatik plazarako sarbideak ere hartuko ditu.
Proiektuak azpiegitura berritzea aurreikusten du, ur hornidura, euri uren eta saneamendu sarea, argindarra, telekomunikazioak eta argiteria publikoa barne. Zoladura eta espazioaren antolaketa berria egingo da, plataforma bakarreko diseinuarekin, oinezkoei lehentasuna emanez eta ibilgailuen zirkulazioa mantsotuz.
Gainera, altzariak eta berdeguneak sortuko dira, bankuak, lorategiak eta atsedenlekuak jarriz eta gune erakargarriagoak eskainiz. Gainera, San Joan suarentzako gune berezi bat prestatuko da jai tradizionaletarako, eta egungo 22 aparkaleku mantenduko dira, diseinu diskretuagoarekin.
Barrenkaleko zein San Martin plazako lan hauekin, alde zahar atseginago bat sortu nahi du gobernu taldeak, horrek ere eragin zuzena izango duelakoan beste hainbat sektoretan; herriko merkataritzan zein ostalaritzan, esaterako.
Proiektua Vaumm Arkitektura eta Hirigintza SLP enpresak idatzi du, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak arkeologia kontrola egingo du lur mugimenduetan. Obraren aurrekontua 2.196.666,20 eurokoa da (BEZ barne), eta kontratazioa prozedura irekiaren bidez egingo da.
Gorka Artola alkatearen hitzetan, “San Martin Agirre plaza Bergarako hiriguneko topagune nagusia izan da betidanik, eta Udalak espazio hori berritu nahi du eguneroko bizikidetzarako eta jai ekitaldietarako gune egokia sortuz, irisgarritasun arauak betez eta espazioaren kalitatea hobetuz. Auzo ezberdinetan egiten ari garen bezala, herrigunearen sinbolo nagusienetariko bat den San Martin plaza berritzeko inbertsio garrantzitsua egingo dugu”.

