Bergarako Udalak San Martin Agirre Plaza 2ko Biltoki zaharra egokitzeko lanak jarriko ditu martxan datorren astean. Lan hauen bitartez, udal gizarte zerbitzuak bertan kokatuko dira, zerbitzua herritarrei gerturatu eta irisgarriago eginez, eta, bulego ordutegitik kanpo, herritarrek erabil dezaketen espazio bat sortuz.

Egokitzapen hau udalaren legegintzaldi planaren barruan dago, alde zaharra biziberritzeko eta erabilerarik gabeko lokalak berreskuratzeko estrategiaren baitan. Markel Azkargorta zinegotziaren hitzetan, “Udalak 2025eko maiatzean eskuratutako Biltoki zaharra berritzeari esker, Udaleko gizarte zerbitzuek eskaintzen duten arreta hobea izango da bergararrontzat. Zerbitzu publikoak herritarrengana gerturatzea da gure helburua, eta espazio berri honek aukera emango du arreta erosoago eta modernoagoa eskaintzeko”.

Lanek hainbat egokitzapen barne hartzen dituzte: banaketa berria bulego eta bilera gelak sortzeko, herritarren arretarako espazio erosoa diseinatzeko eta komunak irisgarri egiteko. Proiektuak, BIARK STUDIO, SLP estudioarekin landua, aukera emango du gizarte zerbitzuen bulegoak modu estankoan ixteko eta, bulego ordutegitik kanpo, harrera lekua eta bilera gelak herritarrek erabiltzeko, bilera txikiak egiteko zein atsedenleku edo babesgune klimatiko moduan.

Obraren lizitazio oinarria 579.972,19 eurokoa (BEZ barne) izan zen, eta lehiaketa publikora atera ondoren, lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresak burutuko ditu, 566.475,62 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.