Bergarako Elikadura Mahaiak sustatutako “ekoizpen duina, kontsumo herrikoia” heziketa programa abiatuko da 2025ko abenduan. Herriko ikastetxe guztiek parte hartuko dute, eta 400 ikasletik gora arituko dira 17 saio ezberdinetan (2025eko abendutik 2026ko martxorarte). Aurkezpen irekia abenduaren 10ean egin da, atsaldeko 17:30etan Oxirondo azokan.

LH3koak Oxirondo azokan
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek elikagaien zikloa, azoken garrantzia eta ekoizleen lanbidea hobeto ezagutzeko aukera izango dute Oxirondo azokan egingo diren saioetan. Talde-solasaldiaz gain, ikasleek garaiko barazki ekologikoekin osatutako plater bat kozinatu eta dastatuko dute.

DBH 3koak Ziarreta baserrian
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek Murinondo auzoko Ziarreta baserrira bisita egingo dute nekazari profesionalen lanbidea gertutik ezagutzeko. Bertan, nekazaritza-sektoreko alor ezberdinak landuko dituzte porruaren ziklo guztia ardatz izanda: plangintza, komertzializazioa, talde lana eta lan-baldintzak eta ekoizpen eredu agroekologikoa. Pasa den ikasturten egin zen lehenengoz saio hau eta positiboki baloratu zen. Ekoizleen talde jardunaz ez ezik, ikasketa eta lan hautuen inguruan galdera ugari egin zituzten ikasleek.

Ikasbidaiko otarrak
Gabonen atarian ohikoa den ikasbidairako otarren ekimena ere landuko da DBH 3 eta 4ko ikasleekin. Elikaeneatik ekoizle eta ikastetxeen koordinazioa bideratuko da eta ostean ikasleak auzolanean arituko dira presketa zein salmentan. Bertako produktuez osatutako otarrak eta gazta laurdenak salduko dituzte ikasleek, Euskal Herriko ekoizle txikiengan eragin zuzena edukiz.

Landutako edukiak Biolur elkartearen material didaktikoan oinarritu dira, eta bertan parte-hartu duten Debagoieneko 8 ekoizle arituko dira hezitzaile lanetan. Egitasmo honen finantziazioa Bergarako Udalaren eskutik dator.

Bergarako Elikadura Mahaiak, horrelako ekimenak elkarlanean bultzatzen jarraitzeko konpromisoa adierazten du, herri mailako loturak indartuz, agroekologia eta elikadura burujabetzaren inguruko sentsibilizaziorako aukera herritarrei bermatuz. Herritarrei eta bereziki, eskola komunitateei dei egiten die aurkezpenera hurbildu eta egitasmo honen berri izateko bertatik bertara. Aurkezpenarekin batera argazki herrikoia aterako da.