Gorka Artola Bergarako alkatea eta Markel Azkargorta Hirigintza zinegotzia Mario Yoldirekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarekin, bildu dira astelehen honetan Lakuan.

Bertan, Bergarako Udalak udalerria Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu gisa izendatzeko egindako eskaera aurkeztu diote Etxebizitza arloko zuzendariari. Pauso hau azken hilabeteetan landu den azterketa eta plangintza baten ondorio da, eta etxebizitza eskuragarritasuna hobetzea du helburu.

Udalak egindako diagnostikoaren arabera, datu esanguratsuak mahai-gaineratu dira, adibidez:
• Azken urteotan alokairuaren prezio igoera nabarmena eta herritarrek egin beharreko ahalegina handitzea.
• 790 etxebizitza huts daude erroldaturik, parkearen %10etik gora
• Etxebizitza parkea zaharkitua da, batez beste 47,6 urteko antzinatasunarekin, eta irisgarritasun arazoak ohikoak dira eraikin askotan.
• Aldagai demografikoek egoera zailtzen dute: biztanleria galera, gazteen emantzipazio zailtasunak eta etxebizitza txikien eskari hazkorra.

Bestalde, Bergararen kasuan, 2018-2023 epealdian alokairu-errentak izan duen hazkundeak (% 21,7) 5,2 puntutan gainditzen du KPI-aren hazkundea (% 16.5). Eta hori da hain zuzen Legeak merkatu tentsionatu izendapenerako aurreikusten dituen hiru aldagaietako bat.

Udalak azken urtean garatu duen Etxebizitza Ekintza Planak eskuhartze multzo zabal bat biltzen du: alokairu eskuragarria handitzea, etxebizitza hutsak aktibatzea, birgaitze politika sendoak ezartzea eta erakundeen arteko lankidetza indartzea.

Artolak adierazi duenez, izendapen hau ez da helburu politiko hutsa, baizik eta “herritarrek etxebizitza eskuratzeko duten eskubidea bermatzeko tresna praktikoa”. Alkateak azpimarratu du izendapenak neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukera zabalduko duela.

Eskaera Eusko Jaurlaritzaren esku geratu da orain; Jaurlaritzak udal diagnostikoa eta justifikazio memoria aztertuko ditu. Onarpena gertatuz gero, Udalak jakinarazi du 2026an bertan lehen neurriak martxan jartzea aurreikusten duela.