Bergarako ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak elkartu ziren atzo Udaletxeko Areto Nagusian, Eskolako Agenda 2030 programaren baitan antolatutako Udal Foroan.

Iaz bezala, 25-26 ikasturtean ere 12. Garapen Jasangarriko Helburuan —Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak— sakontzen jarraitu dute. Izan ere, pasa den ikasturtean egindako diagnostikotik eratorritako ondorio eta hobekuntzetatik abiatuta, aurten garaturiko “Esku-hartze Plana” aurkeztu dizkie alkateari zein gainontzeko udal ordezkariei. Horrenbestez, esku-hartze plana kokatzeko testuingurua eta haren garapena izan dute hizpide.

Izan ere, 2025-2026 ikasturtean Udalak eta ikastetxe parte-hartzaileek San Martzial ermitaren inguruko garbiketa komunitarioa aurrera eraman dute. Helburu nagusia gazteen parte-hartze aktiboa bultzatzea izan da, jasangarritasunerako trantsizioan urrats eraginkorrak emanez herri mailan. Eskolako Agenda 2030 programak Bergarako hezkuntza komunitatea eta Udalaren arteko lankidetza indartu eta gazteak herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko eragile gisa kokatzen ditu.