webmaster-k Az, 2026-06-03 12:24-n bidalia
Azken orduotan, Seminarixoaren administrazioarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, Seminarixoa.eus webgunean arazo tekniko larriak atzeman dira.
Zehazki, detektatutako akats kritikoaren ondorioz, sistemak ez ditu behar bezala prozesatzen Redsys ordainketa-pasabidearen erantzunak, eta ondorioz hasitako hainbat erosketa ezin izan dira burutu. Arazoa konpontzeko saiakerak bost orduz luzatu dira, salmenta prozesua aldi berean kudeatzen zen bitartean.
Horren aurrean, honako neurriak hartu dira:
• Ekitaldi guztien online salmenta eten da, ordainketak behar bezala prozesatzen direla bermatu ezin delako.
• Webgunea aldi baterako itxi da (mantentze moduan).
Bestalde, Camden Dance Studio-ren gaurko salmenten inguruko azterketa egin da, eta identifikatu dira ordainketa bikoiztuak, hirukoiztuak eta galdutako eskariak. Datozen orduetan eta egunetan zehar berrikuspen sakona egingo da, gainerako gorabeherarik ez dagoela ziurtatzeko, eta burututako salmenta guztiak bermatzeko.
Egoera honi ahalik eta azkarren irtenbidea emateko, Seminarixoarentzako webgune berri baten garapena abiatu da. Helburua da online salmenta zerbitzua lehenbailehen berriro martxan jartzea.
Bien bitartean, ezohiko takila zerbitzua abian jarriko da eta ondorengo egun eta ordutegi hauetan irekiko da:
• Asteazkena 3: 12:00–14:00 eta 18:00–20:00
• Ostirala 5: 12:00–14:00 eta 18:00–20:00
• Larunbata 6: 18:00–20:00
• Igandea 7: 18:00–20:00
Hala ere, Camden Dance Studiok sare sozialetan adierazi duenez, dantza ekitaldietarako sarrerak webgunearen bitartez besterik ez dira egongo eskuragarri, sistema abian jartzen denean. Hori dela eta, ezingo dira Camden Dance Studio ekitaldietarako sarrerak eskuratu takilan.
Bergarako Udalak barkamena eskatzen du sortutako eragozpenengatik eta eskertzen du herritarren ulermena.

