Bergarako plazan Gipuzkoako eraikinik esanguratsuenetarikoa kokatzen da, Errege Seminarioa, bertan izan ziren Ilustrazio garaian ikerlari famatuak eta bertatik bideratu zen hein handi batean Gipuzkoaren berpizkunde ekonomiko eta kulturala.

Harrezkero, urte luzeetan zehar, Errege Seminarioa estatuarena izan da, nahiz eta erabiltzaile nagusiak Aranzadi ikastola eta UNEDa izan diren. 2008an Espainiako estatuak UNED-Bergara Fundazioari saldu zion eraikina eta honek Aranzadi ikastolari berak zerabilen zatia utzi zion 75 urtetarako.

UNED-Bergara Fundazioaren aspaldiko nahia izan da UNEDaren aktibitate akademikoaren mesederako udalarena den Arrizuriaga jauregian kokatzea, aldaketa honek Bergarako udalaren proiektuei ere mesede egiten die; izan ere, udalak Errege Seminarioan kokatu nahiko lituzke etorkizunean herriko indargune ekonomiko eta kulturalak izango diren aktibitateak, besteak beste, bertako bildumarekin osatuko duen museoa eta bertako eliza dotorean kultura erabilera anitzerako gunea.

Hau guztiau bideratzeko Errege Seminarioa erosiko du udalak, ordainetan Arrizuriaga jauregia eta Gipuzkoako Diputazioak emandako diru laguntza emango dio UNED-Bergara Fundazioari honek bere proiektua gara dezan.

Lerro hauen bitartez urteetan zehar proiektu honen alde lanean aritu diren kide guztiei eskerrak eman nahi genizkieke, bereziki Gipuzkoako Diputazioari, aurreko Udal Gobernuari, UNED-Bergara Fundazioaren proiektua errealitate egiten laguntzen duten patronoei (Kutxako Gizarte ekintza eta UNEDari) eta irakasle eta zuzendariei.

Jaione Isazelaia

Bergarako alkatea