Gipuzkoako Foru Aldundiak autoa partekatzeko sistema berritzailea bultzatuko du, hainbat udalekin batera. Lurraldekar proiektuaren helburua herritarrek autoa partekatzea da baino ez bidaia batzuk elkarrekin egiteko soilik, baizik eta autoa bera hainbat lagunek erabiltzeko. Horrela, autoaren gastu guztiak, erabileraren arabera, banatu egiten dira.

Bergarako Udalak, Gipuzkoako beste zazpi udalek bezala, proiektua sustatuko du eta, horregatik, sinatu dute Lurraldekar proiektua bultzatzeko protokoloa. Behin protokoloa sinatuta, datozen hilabeteetan, Aldundiak proiektuaren garapen teknologikoa lantzeko esleipen prozesu bat jarriko du martxan eta iraila-urria aldera prest egotea espero da.

Bien bitartean, Aldundiak proiektua ezagutarazteko www.lurraldekar.eus webgunea martxan jarri du, eta orain webgune horren atzeko sistema bera martxan jartzeko prozesua abiatuko du. Sistema horren bidez erabiltzaileak elkarren artean harremanetan jarriko dira, baldintzak zehaztuko dituzte, autoa hartzeko erreserbak egingo dituzte, e.a. Horren guztiaren kontrola sistemaren kudeatzaileak egingo du eta dena zuzen dagoela baieztatu beharko du.

Nori zuzenduta dago proiektua? 

  • Auto bat izan ez eta noizean behin erabiltzeko premia duenarentzako.
  • Autoa oso gutxi erabili, eta berau izateak kostu handia suposatzen duen horrentzako.
  • Bigarren autoa erostekotan dabilenarentzat
  • Noiz behinka auto mota desberdin baten beharra dutenentzako.

Non topatu daiteke informazio gehiago?

Informazio gehiago edo zalantzaren bat argitu nahi duenak, 943-779160 telefonora dei dezake edo nnarbaiza@bergara.eus posta elektronikora idatzi.