Zenbait lekuetan Maiatzari Loraila ere esaten zaio, loreen hilabetea baita askorentzat. Horrela, Bergarako Udalak antolatuta maiatzaren 16an Lore eta Landareen Azoka ospatuko da eta ekainean Leiho eta Balkoiak Lorez eta Landarez Apaintzeko lehiaketa izango da.

Maiatz lore, urre lore

Datorren zapatuan, hilak 16, Lore eta Landarren Azoka ospatuko da Oxirondoko plazan, merkatuaren kanpoko aldean. Bertan, loreak eta landareak erosteko eta ikusteko aukera izango da han izango diren erakusle-saltzaileen eskutik: Antonena landareak, Bolubarri landareak, Ninika loradenda eta Udalatx mintegia.

Bergara lorez apaintzeko lehiaketa

Aurtengoan, bigarrenez, Udalak Leiho eta Balkoiak Lorez eta Landarez Apaintzeko lehiaketa antolatu du. Ekimen honen helburua, balkoiak eta leihoak zaintzea eta hauek apaintzeko ohitura berreskuratzea da. Era berean, apainketak ingurugiroari eta herriaren itxurari ekartzen dizkion onurak balioan jartzeko xedea ere badu.  

Lehiaketan ondorengo irizpideak baloratuko dira: originaltasuna, apainketaren kalitatea, loren iraunkortasuna eta diseinu floristikoa. Horrez gain, egitura moduan berrerabilitako materiala erabiltzea ere baloratuko da.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ekainak 1etik 19ra bitartean izango dute izena emateko aukera Liburutegian, 943-779158 telefonora deituta edo www.bergara.eus webgunean.

Sari banaketa, uztaileko Hileko Lehen Eguazteneko Azokan izango da Oxirondon, uztailak 1ean, arratsaldeko 19:00etan. Sariak ondorengoak izango dira: 1.sariak 400 euroko balio duten udal-bonoak jasoko ditu eta 2.sariak 200 euroko balio duten bonoak eskuratuko ditu (Bergarako dendetan trukatzeko).

 

Lehiaketako oinarriak ikusteko, egin klik hemen

Izena emateko inprimakia: izen_emate_orria.doc