Aurkezpenean Juanje Alberdik, Bergarako alkateak, Luis Laskurainek, erakusketako komisarioak, eta Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaileak, erakusketaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Simon Arrietak aurten ehun urte beteko zituen eta berarekin ikasi zutenek margolariaren omenezko erakusketa antolatu nahi izan dute. Erakusketa honetan parte hartu duten guztiak egon ziren Simon Arrietaren alboan neurri batean edo bestean eta, guztiei helarazi zien pinturarekiko sentitzen zuen grina. Luis Laskurainen hitzetan erakusketa honetan berak urteetan irakatsitakoa islatzen da gure lanetan eta guk beregandik jasotako guztia transmititzen jarraitu nahi dugu.

Miguel Angel Elkoroberezibarrek adierazi zuenez, Simon Arrietak ez zuen bere burua irakasletzat. Berak lan kritiko bat egiten zuela zioen; bere alboan zeudenei baliabideak eskaini; teknika ezberdinak erakutsi; eta, aholkuak eman. Hortik aurrera, bakoitzak bere bidea hautatzen zuen. Eta horren guztiaren ondorioz du Bergarak pintore eskola oparoa.

Erakusketan pintura lanez gain, “artistaren sukaldea” ere ezagutu ahal izango da, pintore bakoitzak bere lanerako erabiltzen dituen funtsezko tresnak ikusgai baitaude. 

 

Arloa: