Atzoko Udalbatzan Elena Lete izendatu zuten Bergarako alkate eta EAJko Igor Oiarbidek zinegotzi kargua hartu zuen. Oiarbidek kargua onartu ondoren, alkatea aukeratzeko hautagaiak aurkeztu eta bozketa egin zuten Udal korporazioko kideek, udal hauteskundeetan egin ohi den bezalaxe. Horrela, EAJko Elena Lete izendatu zuten Bergarako alkate eta Ander Alberdi alkateordeak eman zion aginte makila alkate berriari.

Karguari hitz eman ostean, ilusioz eta indarrez ekiten diola ardurari azpimarratu zuen ohore bat delako norberaren herriko alkatea izatea. Udal korporazioko beste taldeen ekarpenak jasotzeko eta elkarrekin eraikitzeko prestutasuna erakutsi zuen Bergara anitz eta hobeago bat lortzeko.

Erantzunkizun handi bat duela aurrerantzean ere adierazi zuen eta erantzunkizun honi aurre egiteko Aristoteles filosofoak aipatzen zituen oinarrizko bertuteak ekarri zituen gogora: justizia, neurritasuna eta indarra.

Gobernantzaren baitan osagai asko izan behar direla kontuan azaldu zuen eta honako hauek aipatu: partaidetza, legalitatea, gardentasuna, erantzunkizuna, adostasuna, justizia, eraginkortasuna eta sentsibilitatea. Ez da erronka makala baino espero hemen zaudeten guztien ekarpenekin lortuko dugula, denok interes bakar bat daukagulako, “Bergara herria”.

Orain arte jasotako babes eta laguntza guztiagatik esker hitzak izan zituen Udal Gobernuko lantaldearentzat eta Juan Jesus Alberdirentzat. Orain arte Juanje Alberdik egindako lana bere abiapuntua dela adierazi zuen.