Astelehena, egin zen urtarrileko ohiko udalbatza eta bertan, Bergarako Udalak herriko kaleei izenak emateko proposamenak eta artxiborako egindako dohaintza onartu zituen, besteak beste.
Honela, Heziketako eskola berria eraikiko den tokiko kalearentzako eta Candy lantegiaren eta Antoliña errekatxoaren artean izango denarentzako izenak aldatzea erabaki zuen Udalak aho batez. Lanbide Heziketako eskola berria joango den kaleari dagokionez, Udaleko toponimiako datu-basean Berrabe izena agertzen da eta izen egokia iruditu denez, kaleari Berrabe jartzea onartu zen. Bestetik, Candy lantegiaren eta Antoliña errekatxoaren arteko kaleari dagokionez, bi aukera aztertu ondoren, Agirrebidea izena jartzea adostu zen.

Lasagabaster lantegiko artxiboa dohaintzan jasotzea ere aho batez onartu zuen Udalak. Lasagabaster lantegia herrian izandako ehungintza industriaren adierazgarrietako bat izan da eta Udal artxibategia eta fondoa osatzen jarraitzeko aukera ematen digu. Izan ere, Udal artxiboak udalak sortu eta jasotako dokumentuez gain, berezkoak direnez gain, beste hainbat fondo edo bilduma gordetzen ditu; hala nola, Zerrajerako artxiboa (Bergarako lantegia), Movilla, Narvaiza eta Eguren tailerra. Fondo honen bitartez industrializazioan sakontzeko aukera dago, bereziki ehungintzan. Bergaran, XIX. mende bukaeratik XX. mendeko 80. hamarkadara arte sektoreak izandako garrantziaren lekuko da.

Bi gai horiez gain, alkatearen jakinarazpenak ezagutzera eraman ziren eta 2015eko abenduaren 21ean eta 2016ko urtarrilaren 11n eta 18an egindako bilkuren aktak eta elkarkidetzari egin beharreko 2016ko ekarpenak onartu ziren aho batez; eta, 40-A areako 40A-1 exekuzio unitateko P-4 eta P-5 partzeletan eraikiko diren eraikinen forma eta bolumena aldatzeko “Urartetxe S.L.” enpresarekin hirigintza-hitzarmen berritua onartu zen, non zehazten diren Udalak jaso duen aprobetxamenduak zer nolako ezaugarriak dituen.