Sañudo-Lasagabaster familiak udalari dohaintzan eman dizkio Bergaran XIX. mendeko bukaeratik XX. mendeko 80ko hamarkadara arte izandako “Textil Lasagabaster” lantegiko dokumentuak. Lantegia ehundegia eta tindategia zen eta 50-70 pertsona inguru aritzen ziren bertan lanean.

Jasotako dokumentu gehienak kontabilitatekoak dira (fakturen kopiak, soldata-liburuak, balantzeak..); badira batzuk sozietateari buruzkoak (aktak, akzio-tituluak) eta baita produkzioarekin lotutakoak ere (fabrikazioa, ehunari beste trataera batzuk egiteko ateratako eta sartutako ehunen erregistroak, kotoi amerikarraren eta koloratzaile alemaniarren sarrera-erregistroak). Horrez gain, merkataritza-gaiak lantegira ekartzeko edo lantegitik eramateko garraioei buruzko agiriak ere topatu daitezke.

Jasotako dokumentazio guztia aztertuz, nabarmentzekoa da liburu zaharrenen tamaina eta kaligrafia. Ederrak dira, adibidez, 1924 eta 1949 urteetan emandako akzio-tituluak, bi urte hauetan bertako eta garaiko irudiak  ageri baitira (ehundegiaren eraikinak eta inguruak).

Era berean, deigarriak dira ere egun desagertutako lanbide batzuen izenak: "rodeterak", iraztaileak (urdidoras), mozorkalariak (encanilladoras), gauzaina (sereno), sugilea (fogonero).

Dokumentuek informazio interesgarria jasotzen dute, lanaren, gizartearen bizimoduaren eta enpresa munduaren ingurukoa orokorrean, eta, zehazki, ehungintzaren sektorearen ingurukoa.

GOIENA: "Lasagabaster lantegiak Udal Artxiboari egindako dohaintza eskuragarri dago"

Arloa: