Atzokoan Bergarako Udalak udararako diseinatu duen eskaintza programa aurkeztu zuen. Aurten, lehen aldiz, haur eta nerabeentzako eskaintza guztia bateratu egin da eta, era horretan, herritarrek udako hilabeteetan izango dituzten aukera guztiak ezagutu ahal izango dituzte.

Eskuorria prestatu da eta datozen egunetan eskola guztietan banatuko da ikasleek etxeetara eramateko.

Oro har, eskaintza 4 multzotan banatzen da:

1. Kanpamentu teknologikoak

2. Bibliopiszina

3. Udaleku irekiak

4. Udako kirol ekintzak

 

KANPAMENTU TEKNOLOGIKOAK

Aurtengo berrikuntzen artean, Laboratorium museoak antolatutako “Kanpamentu Teknologikoak” daude. Aisia eta zientzia uztartzeko programa paregabea dira eta beste zenbait herrietan harrera oso ona izaten ari dira.

Gaur egun Robotikaren inguruko ikastaroen eskaera handia dagoela kontutan hartuta, aurten 11-16 urte arteko gazteei zuzendutako ikastaro didaktiko interesgarriak antolatu ditu Laboratorium museoak.

Astebeteko 3 ikastaro hauetan robotikaren esparru desberdinak landuko ahal izango dira; gazteek horietako bat aukeratu beharko dute beren interesen arabera.

Modu dibertigarria alde batera utzi gabe, robotika eta programazioaren munduan sakontzeko aukera paregabea izango da.

BIBLIOPISZINA

Udaran ere irakurketa sustatzeko helburuarekin, helduentzako eta haurrentzako zerbitzua eskainiko du Liburutegiak Agorrosingo estali gabeko igerilekuetan.

Horrela, arratsaldero 15:00etatik 18:00etara bitartean, erabiltzaile guztiek liburuak maileguan hartzeko aukera izango dute eta erreserbak eta eskaerak bideratzeko gunea ere topatuko dute  Agorrosinen.

UDALEKU IREKAK

Udaleku irekien eskaintza, dagoeneko klasikoa da Bergaran.

Zerbitzu hau haurrei asialdi hezitzaile eta euskalduna eskaintzera zuzenduta dago, eta nola ez, baita familien bizitza laborala eta familiarra uztartzera.

Aurten, berrikuntza moduan, familiek udalekuak 3 edo 4 astekoak aukeratu ahal izango dituzte.  3 asteko udalekuak uztailaren 1etik 22ra izango dira eta 4 astekoak uztailaren 1etik 29ra.

Udaleku irekiak aurten ere Jardun Euskara elkarteak kudeatuko ditu, dagoeneko prestaketa lan guztiak martxan daude eta haurren izen ematearekin batera begiraleen izen ematea ere gauzatuko da.

UDAKO KIROL EKINTZAK

2016ko udako kirol kanpainaren baitan, haur eta gaztetxoentzako 225 plaza eta 10 jarduera mota desberdin eskainiko dira: eskalada, tenis, irristaketa igeriketa, defentsa pertsonala, Kros Fit, Urban dance, areto bizikleta eta berrikuntza bezala, padel ikastaroa.

Aurten, begirale zailtasunagatik ez da piraguismoa eskaini.

Beste berrikuntza bat, gazteentzako txapelketak izango dira: saskibaloia, frontenis, eskubaloi eta padel txapelketak egingo dira. Astebeteko formatu, motz eta azkarrak; parte-hartzaile kopuru eta premiei egokituak.

Bestalde, helduei gogorarazi, egun, neguko ikastarotan dihardutenei, beren ikastaroa uztaila osorako luzatzeko aukera eskaintzen zaiela. Horretarako, maiatzaren 18tik ekainaren16ra bitartean, alta-orri eskabidea bete beharko dute Agorrosinen.

Horretaz guztiaz gain, udako eskaintza berriarekin eta hainbat herritarrek hala eskatuta, irristaketa, defentsa pertsonala, padel, jump fit eta zoru pelbiko ikastaroak eskainiko dira.

Izen emateei dagokienean, aurten ez da zozketarik egingo. Salbuespen bakarra, igeriketa eskolako hasiberrien lehen mailan, “zapaburuetan” izango da. Bertan, oraindik, plaza zozketa egingo da.

Udako ekintzetarako izen-ematea jadanik zabalik dago. Beraz, interesa duen edonork Agorrosinen eman dezake izena eta argibide gehiago behar izanez gero, www.agorrosin.net helbidera korreo bat idatzi edo 943.777.095 telefonora dei dezake. Eta, nola ez, Agorrosin bertan ere.