Aho batez onartu zuen Udalbatzak hitzarmena pasa den apirilean eta, era honetan, Bergarako Erraldoi Taldearen eta Udalaren arteko harremana sendotu egingo da. Hitzarmenaren iraupena urtebetekoa bada ere, urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez ere bost urte osatu arte.

Horrela, Erraldoi taldeak materiala eta erraldoiak gordetzeko Zabalotegiko biltegia eta ibilgailuentzat Tremefil-eko lokala erabiltzen jarraituko du orain artean bezala, inolako errentarik edo bestelakorik ordaindu gabe.

Bestetik, Udalarekin lankidetza indartzeko ondorengo konpromisoak zehaztu dira hitzarmenean: herriko jai nagusietan konpartsaren kalejirak egitea; Pentekoste jaietan Erraldoi Egunaren antolaketa; herriko eragile ezberdinek antolatzen dituzten kultur ekitaldietan parte hartzea, besteak beste, Kultura kalean jardunaldian edo ikastetxe bakoitzak antolatzen duen kultur astean.

Era berean, bai Udalaren bai Erraldoi taldearen erraldoien asegurua Bergarako Udalaren kontura izango da hitzarmenak irauten duen bitartean.