Eskola Bidea ekimenak lehen urratsak eman ditu Bergaran. Ekainaren 6tik ikasturte amaiera bitartean, San Martin Agirre eta Mariaren Lagundiako hainbat ikasle etxetik eskolarako bidea oinez egiten hasi dira. Egitasmo berria, Eskola Agenda 21 proiektuaren baitan sortu da: "2015/16 ikasturtean eskolek aukeratu duten gaia mugikortasuna eta osasuna izan da. Bertan hainbat gai landu dituzte eta hauen artean, etxetik ikastetxera joan etorriak nola egiten diren. Joan etorrien hausnarketa horretatik hainbat datu azaldu dira: zenbat joaten diren oinez, zenbat kotxez, zenbat autobusez, zenbat bizikleta edo patinetez …", agertu du Izaskun Labaien Hezkuntza zinegotziak. Modu honetan, eta proba pilotu bezala, Eskola Bidea egitasmoa abiatu da haurren autonomia eta osasuna bultzatzeko asmoz.

Bergarako haurrek etxetik eskolarako bidea modu jasangarri eta seguruan egiteko, guraso boluntarioen laguntza izango dute. "Ibilbidearen hasierako puntuan guraso boluntario batzuk daude eta hauek izango dute haurrak eskolara eramaten laguntzeko ardura. Ibilbideei dagokienez Udalaren, eskolen eta gurasoen artean ibilbide desberdinak prestatu dira eta bide bakoitzean, hainbat geldialdi izango dituzte, haur bakoitzak bere etxetik gertuen dagoen geltokian hasteko aukera duelarik", azaldu du proiektuko arduradun den Zihortza Marzanek.

San Martin Agirre eta Mariaren Lagundia ikastetxeek euren ibilbideen ezaugarriak azaldu zituzten, eta Bergarako Udalarekin batera, herriko haur eta gazteak egitasmo berrian parte hartzera animatu nahi dituzte, izan ere, eskolarako bidea oinez egiteak hamaika onura ditu:

  • Haurrei begira umeak ibilbidea oinez egitean eta lagunekin hizketan eta jolasean joatean, eskolara esna heltzen dira eta honek eragina izaten du eskolako emaitzetan.
  • Osasunaren Munduko Erakundeak haur hauek egunero ariketa fisikoa ordubetez egitea gomendatzen du, honela helburu hori lortzea errazagoa izango da.
  • Bestalde ez da ahaztu behar Debagoieneko ospitaleak egindako ikerketaren arabera, Bergarako haurren heren batek gainpisua edo obesitatea duela eta horri aurre egiteko besteak beste, bizitza aktiboa onuragarria da.
  • Harremanak ere lantzen dira, lagun berriak egiteko aukera paregabea izanik.
  • Umeen autonomia ere lantzen da.
  • Ardurak hartzen joaten dira.
  • Eskola inguruan autoen kopurua jaitsiz gero, herri seguruago eta biziago bat lortuko litzateke.
  • Honek guztiak ingurumenean ere badu eragina, kutsadura eta zarata maila jaitsi eta herri jasangarriago bat bihurtuko litzateke.